Mundua -
Erresuma Batua
John Bercow Komunen Ganberako presidenteak dimisioa iragarri du
Urriaren 31n utziko du kargua, alegia, Erresuma Batua Europar Batasunetik irtengo den egunean; hauteskundeak aurreratuko balira, astelehen honetan bertan utziko lioke presidente izateari.
Agentziak | Erredakzioa
John Bercow Komunen Ganberako presidenteak astelehen honetan iragarri duenez, urriaren 31n dimisioa emango du, alegia, Erresuma Batuak Europar Batasunetik alde egiteko epemuga betetzen denean.
Brexit-aren prozesuan, garrantzi handia bereganatu du Bercowk; hainbat aldiz, parlamentu-hitzarmenei aurre egin izan die, xede izanik Gobernuaren interesen aurkako legeak proposatuak izatea.
"Gaur gauean Ganberak aurreratutako hauteskundeen alde egingo balu, presidente eta diputatu gisako nire epea amaituko litzateke parlamentu-zikloa burututa”, esan du astelehen honetan bertan Bercowk. "Ganberak ez balu horren alde egingo, aldiz, erabaki dut egokiena eta demokratikoena izango litzatekeela urriaren 31ko saioa amaituta ematea dimisioa", azaldu du.
Gauean diputatuek botoa emango dute bigarrenez, Boris Johnson lehen ministroak proposatutako hauteskunde-aurrerapena onartzen duten erabakitzeko. Ganberaren bi herenen babesa beharko luke horretarako.
1997an hautatu zuten diputatu John Bercow, Alderdi Kontserbadorearen aldetik, eta 2009an utzi zuen alderdia, Komunen Ganberako presidente izendatu zutenean, neutraltasunari eusteko asmoz. Azken egunotan, Erresuma Batuko hainbat hedabidek Johnsonen balizko erabaki batekin espekulatu dute, Bercow Parlamentuko kide bezala berriro hautatzeko aukera blokeatzeko balizko erabakiarekin, hauteskundeak aurreratuko balira.