Mundua -
URAKANAK
Dorian ekaitz tropikala indarra hartzen ari da Puerto Ricorako bidean
Iragarpenen arabera, 2. kategoriako urakan bihur daiteke hurrengo igandean edo astelehenean, AEBko hego-ekialdean.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Dorian izeneko ekaitz tropikala potentzia berreskuratzen ari da, 95 kilometro orduko haizeekin, Puerto Ricorako eta Birjina uhartetarako bidean. Estatu Batuetako Urakanen Zentroaren arabera, ekaitza urakan bihurtu ahal da.
AEBko agentziak iragarri duenez, Puerto Ricoren eta AEBko zein Erresuma Batuko Birjina uharteen "albotik edo gainetik" igaroko da Dorian.
Goizeko zortzietan (12:00 GMT) egindako buletinean, ekaitza Saint Croixetik 95 kilometro-hego-ekialdera dagoela eta ipar-ekialdeko norabidean 20 kilometro orduko abiaduran mugitzen ari dela zehaztu dute.
Zentro horrek urakan zaintza (abisu moduko bat) bidali zien Puerto Ricoko, Birjina Uharte Estatubatuarretako nahiz Suge eta Vieques uhartetako agintariei. Uharte horietan zein Birjina britainiar uharteetan, gainera, ekaitz tropikaleko abisua eman zuten.
Era berean, Dominikar Errepublikara ekaitz tropikaleko zaintza bidali zuten meteorologoek.
Bestalde, Estatu Batuetako Atlantikoko kostan, Erin ekaitz tropikala eratu da azken orduetan. Horrek 65 kilometro orduko haizeak ditu, baina ez da arriskutsua.
Hurrengo egunetako iragarpena
AEBko zentroaren esanetan, ostegunean Turk eta Caico uharteetatik ekialdera eta Bahama uhartetatik hego-ekialdera mugituko da ekaitza. Ostiralean eta larunbatean, Bahama uharteetako erdigunetik eta ipar-mendebaldetik gertu edo ekialdera egongo da.
Gainera, Estatu Batuetako hego-ekialdean, igandean edo astelehenean, 2. kategoriako urakan bihur daitekeela iragarri dute.
Aurtengo urakan denboraldian, hiru ekaitz tropikal jaso dituzte: Chantal (Ipar Atlantikoan), Andrea (Bahamak eta Bermuda artean) eta Barry (Mexikoko Golkoan). Barry ekaitza urakan bihurtu zen Luisianan (AEB) kalte materialak eragin baino lehen.