Mundua -
Guatemalako hauteskundeak
Giammattei kontserbadoreak laugarren ahaleginean lortu du Guatemalako Presidentetza
Guatemalako aro demokratikoaren bederatzigarren presidentea bihurtu da Giammattei. 2020ko urtarrilean 14an hartuko du presidente kargua, Jimmy Morales jarduneko presidentearen ordez.
Agentziak | Erredakzioak
Alejandro Giammattei kontserbadoreak urteak zeramatzan Guatemalako Presidentetza eskuratu nahian, baina igandera arte ez du bere asmoa lortu. Laugarren ahaleginean eta 20 urteren ondoren irabazi ditu hauteskundeak (botoen ia % 60 lortuta), eta "herritarrak zerbitzatzeko prest” dagoela esan du emaitzen berri izan duenean.
"Ez da erraza izan, baina helburua lortu dugu. Ohore handia da niretzat hainbeste maite dudan herrialde honetako presidentea izatea", adierazi du Giammatteik hiriburuan (Guatemalako Hiria) egindako agerraldian. "Guatemala berreraikiko dugu. Ez daukat hitzik lortutakoa eskertzeko", gaineratu du.
“Oso hunkituta gaude, logikoa den moduan. 12 urteko borroka izan da nire herria zerbitzatzeko aukeraren zain”, nabarmendu du Giammatteik, orain arteko oposizioko buruak.
Guatemalako hauteskunde-egunean ez da istilu larririk izan, eta Hauteskunde Auzitegi Gorenak emaitza ofizialak eman aurretik, Vamos alderdiko hautagai kontserbadorea irabazle gisa agertu da kazetarien aurrean. Giammattei Sandra Torres hautagai sozialdemokrata eta lehen dama ohiari nagusitu zaio hauteskundeetan, ia hogei puntuko aldearekin.
Zehazki, 1,8 milioi boto-emaile baino gehiago konbentzitu dituzte horren proposamenek. Parte-hartze txikia (% 42 ingurukoa) izan arren, Itxaropenaren Batasun Nazionaleko (UNE) hautagaiari aurrea hartzeko nahikoa izan da; izan ere, Guatemalako lehen dama ohiak 1,3 milioi boto lortu ditu.
Hala, Guatemalako aro demokratikoaren bederatzigarren presidentea izango da Giammattei. 1986an, Vinicio Cerezo kristau-demokrata boterera iritsi zenean ezarri zuten demokrazia Guatemalan, estatu-kolpe eta iruzurrezko hauteskundeen bidez hainbat urtez boterean izan ziren erregimen militarren ostean, hain zuzen ere.
2020ko urtarrilaren 14an hartuko du presidente kargua Giammatteik, Jimmy Morales jarduneko presidentearen ordez. Besteak beste, gaizkileen aurkako "neurri zorrotzak" eta immigrazio irregularra geldiarazteko "harresi ekonomikoa" proposatu ditu Moralesek. Presidente berriak, berriz, herritarren "zerbitzura" egongo dela ziurtatu du, eta "herrialdea berreraikitzeko" ahalegina egingo duela azpimarratu.
Giammatteik hainbat erronka izango ditu aurretik, ustelkeriaren eta zigorgabetasunaren aurkako borroka, desnutrizioa, hezkuntza, pobrezia edo indarkeria, besteak beste.