Mundua -
AEB
Trump protesta artean hartu dute Daytonen
"Zerbait egin" eta "Haurtxo bat izateari utzi, NRAri (Erriflearen Elkarte Nazionala) aurre egin" irakur zitekeen kartel batzuetan. Gainera, "Baby Trump" izenekoa jarri dute manifestariek.
Agentziak | Erredakzioa
Manifestari taldeek hartu dute Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako presidentea Daytonen (Ohio), armen inguruan kontrol zorrotzagoa eskatzeko. Tiroketa batek bederatzi hildako utzi zituen bertan igandean, eta Poliziak erasotzailea hil zuen.
"Zerbait egin" eta "Haurtxo bat izateari utzi, NRAri (Erriflearen Elkarte Nazionala) aurre egin" irakur zitekeen kartel batzuetan. "Ongietorri Toledora" zioen beste batek, Trumpek asteburuko agerraldian egindako hanka-sartzeari erreferentzia eginez. Toledo Daytonen alboan dago, baina presidenteak hitzaldian lehenengoa aipatu zuen.
Gainera, "Baby Trump" izenekoa jarri dute manifestariek; protestetan gobernariaren irudi bilakatu den puxika erraldoia, haurtxo itxurarekin erakusten duena.
Daytonera joan aurretik, armak erosten dituztenen aurrekariak egiaztatzeko neurriak areagotzeko proposatu du Trumpek Etxe Zurian. Lege bat onartzeko "gose handia" dago Kongresuan, gaineratu du horren harian.
Dayton (Ohio) eta El Paso (Texas) bisitatu ditu Trumpek. Mexikoko mugan beste tiroketa batek 22 pertsona hil zituen larunbatean, Ohioko erasoa gertatu baino ordu batzuk lehenago. Tiroketa merkataritza-gune batean gertatu zen, eta hildakoetako zortzi mexikarrak ziren.
"Errepublikanoak zein demokratak aurrekarien kontrolarekin zerbait egiteko lege batean jarrerak hurbiltzen ari direla uste dut", adierazi du Trumpek, eta bere erretorikak tiroketen indarkeriari ez diola lagundu esan du: "Nire erretorikak jendea batzen du".
El Pasoko erasotzaileak Trumpen hitzak erabili omen zituen sarraskia egin baino lehen argitaratu zuen manifestu arrazistan. "Inbasio hispanoari erantzuna" zela ziurtatu zuen erasoaren egileak.
Latinoamerikarren immigrazioa AEBren aurkako "inbasioa" dela esan du Trumpek askotan.
Nan Whaley Daytongo alkateak adierazi duenez, presidenteak armen gaiaren inguruan egindako adierazpenak "etsigarriak" dira.