Mundua -
AEB
Gutxienez 10 pertsona hil eta 16 zauritu dituzte Ohion, tiroketa batean
Tiroketa goizaldean izan da, Daytongo erdigunetik mendebaldera dagoen taberna baten aurrean. Hildakoen artean sarraskiaren ustezko egilea dago.
Agentziak | Errdakzioa
Gutxienez 10 pertsona hil eta 16 zauritu dituzte igande honetan Dayton hirian (Ohio, AEB), tiroketa batean. Hildakoen artean sarraskiaren ustezko egilea dago, Daytongo Poliziak jakitera eman duenez.
"Erasotzailea hil egin da. Beste 9 hildako ere badaude. Gutxienez, beste 16 pertsona eraman dituzte ospitalera, zaurituta", baieztatu du Polizia Sailak Twitter bidez zabaldutako mezu batean.
"Agenteak lanean zeuden inguruan, eta tiroketa hasi bezain laster erantzun ahal izan dugu, erasoarekin berehala amaituz", azaldu du Poliziak. Antza denez, 01: 00ak aldera (05:00 GMT) hasi da tiroketa, eta FBI lekuan dago jada, gertatutakoaren nondik norakoak argitzen laguntzeko prest.
Tiroketa goizaldean izan da, Ned Peppers tabernaren aurrean, Daytongo erdigunetik mendebaldera, eta polizia eta anbulantzia ugari bertaratu dira, tokiko hedabideek aipatu dituzten lekukoen arabera.
"Gure langile guztiak onik daude, eta informazioa biltzen dugun bitartean babesa helarazi nahi diegu biktimei", esan du taberna horrek bere Instagram kontuan zabaldu duen mezu batean.
Poliziak, bestalde, gertatutakoa argitzeko laguntza eskatu die tiroketaren lekuan izan diren herritarrei. Bitartean, biktimen senideak Daytongo Konbentzio Zentroan hartzeko leku bat prestatzen ari direla ziurtatu du.
Azken orduetan sare sozialetan zabaldu dituzten bideo eta argazki batzuetan erasoaren ustezko egilea ikus daiteke, eta fusil baten tiroak entzuten dira.
El Paso hiriko (Texas) merkataritza-gune batean izandako tiroketa eta ordu batzuetara gertatu da eraso berri hau. Larunbateko tiroketa horretan hogei bat lagun hil ziren.