Mundua -
Gerra komertziala
Washingtonek muga-zerga gehiago jarriko dizkie Txinako inportazioei
% 10eko muga-zerga berriak (300.000 milioi dolar) iragarri ditu Donald Trump AEBko presidenteak. Irailaren 1ean sartuko dira indarrean.
Agentziak | Erredakzioa
Txinaren aurkako gerra komertzialean beste pauso bat eman berri du Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak; izan ere, Txinako inportazioei % 10eko muga-zerga berriak (300.000 milioi dolar) jarriko dizkietela iragarri du, nahiz eta asteazkenean negoziazioa itxi Shanghain. Irailaren 1ean sartuko dira indarrean.
"Duela hiru hilabetetik Txinarekin akordio bat genuela uste genuen, baina zoritxarrez sinatu aurretik Txinak akordioa berriz negoziatzea erabaki du", ziurtatu du Trumpek Twitter sare sozialean.
Erantsi duenez, nahiz eta elkarrizketak jarraitu, "% 10eko muga-zerga txiki gehigarria" inposatzen hasiko dira irailaren 1ean. 300.000 milioi dolar inguru, oraindik muga-zerga gehigarrien menpe ez dauden Txinako produktuei, hain zuzen ere.
Horrela, irailetik aurrera Txinak AEBra egiten dituen esportazio guztiek zerga izango dute, % 10 eta % 25 bitartekoa.
Erabakia erabateko ezustekoa izan da, asteazkenean azaldutakoaren aurka doalako. Orduan Etxe Zuriak berak jakitera eman zuenez, "AEBko nekazaritza produktuen esportazioen erosketa areagotzeko konpromisoa baieztatu du Txinako ordezkaritzak".
Txinak Ameriketako Estatu Batuen nekazaritza produktuak "kantitate handitan" erosteko konpromisoa hartu zuen, "baina ez du egin", ziurtatu du Trumpek gaur muga-zerga berriak justifikatzeko.