Mundua -
Laguntza Mediterraneoan
Italia 'Sea-Watch 3' ontziko kapitaina ikertzen ari da pertsonen trafikoagatik
Carola Rackettek Italiako uretan sartzeko agindua eman zuen asteazkenean, ontzian zeramatzan 42 pertsona migratzaileak lehorreratzeko saiakeran.
Agentziak | Erredakzioa
Carola Rackete Sea-Watch 3 ontziko kapitainaren aurkako ikerketa abiatu du Italiako Fiskaltzak, pertsonen trafikoari laguntzea egotzita. Rackettek Italiako uretan sartzeko agindua eman zuen asteazkenean, ontzian zeramatzan 42 pertsona migratzaileak (orain 40 dira) lehorreratzeko saiakeran.
Agrigentoko (Sizilia) Fiskaltzaren iturriek baieztatu dutenez, Racketeren kontrako ikerketa zabaldu dute, baina formalitate bat baino ez dela erantsi dute, La Repubblica egunkariaren arabera. Hala ere, Italiako migrazio legeak 15 urte arteko espetxe-zigorra aurreikusten du.
Gobernuak migratzaileen lehorreratzea onartuko ez duela errepikatu du Matteo Salvini Italiako Barne ministroak. Europako beste herrialde batzuei erantzukizuna eskatu die Salvinik, batez ere Alemaniari --Sea Watch gobernuz kanpoko erakundearen egoitza-- eta Herbehereei --ontziaren bandera.
"Herbeheretako kideari idatzi diot eta ez dit erantzun, baina ez dut ergela iruditu nahi. Inoren leziorik onartzen ez duen herri handi bat gara", adierazi du Salvinik Twitter sare sozialean. Era berean, Sea Watchen eta Racketeren aurkako mezuak areagotu ditu Barne ministroak. "Tripulazioko kideak atxilotu behar dituzte, eta kito", esan du.
Bestalde, ontziko kapitainak prentsaurrekoa eman du bideokonferentzia bidez. Elkartasuna eskatu du, 40 pertsona migratzaileak lehorreratu ahal izateko.
Salviniren kritikei zuzenean erantzutea saihestu du Racketek: "Ez ditut adierazpenak irakurri, ez dut denborarik. 40 pertsonaz arduratu behar naiz".