Mundua -
Ebola agerraldia
1.500dik gora hildako eta 2.200 pertsona kutsatuta Kongon, ebolaren ondorioz
Gaixotasuna ezin izan dute behar bezala kontrolatu, zenbait eskualdek tratamenduari uko egin diotelako. Inguru horretan dagoen segurtasun ezak, gainera, areagotu egin ditu ebola kasuak.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Kongoko Errepublika Demokratikoaren ipar-ekialdea astintzen ari den ebola agerraldiak 1.500dik gora hildako utzi ditu abuztutik gaur arte. Gainera, gaixotasunak 2.200 lagun kutsatu ditu, Kongoko Osasun Ministerioak jakitera eman duenez.
Ekainaren 22an argitaratutako txosten batek erakusten duenaren arabera, zehazki 1.506 dira orain arte hil diren kongoarrak. Horietatik 1.412k positibo eman zuten laborategiko probetan.
Inoiz Kongon egon den ebola agerraldi handiena iazko abuztuaren 1ean deklaratu zuten, Kivu eta Ituri probintzietan.
Alabaina, gaixotasuna ezin izan dute behar bezala kontrolatu, zenbait eskualdek tratamenduari uko egin diotelako. Inguru horretan dagoen segurtasun ezak, gainera, areagotu egin ditu ebola kasuak, talde armatuek tratamendu zentroei eraso egin dietelako.
2018ko abuztuaren 8an hasi ziren Katwa, Beni, Butembo, Mabalako eta Mandima hirietako bizilagunei bakunak jartzen, Osasun Ministerioak argitu duenez.
Bestalde, duela astebete inguru, ekainaren 14an hain zuzen, Osasunaren Mundu Erakundeak erabaki zuen Kongoko Errepublika Demokratikoko ebola agerraldia osasun larrialditzat ez jotzea, horrek ekarritako arriskuez ohartarazi bazuen ere; besteak beste, Ugandan izandako kasuetan oinarrituta.