Mundua -

AEB

Trumpek iragarri du milioika migratzaile deportatuko dituela datorren astetik aurrera

AEBko presidenteak Mexikok egindako lana txalotu du. "Gure hegoaldeko mugara heldu aurretik hainbat pertsona gelditu dituzte", esan du.

Donald Trump. EFEren artxiboko irudia
Donald Trump
Donald Trump. EFEren artxiboko irudia

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak astelehen honetan iragarri duenez, Immigrazio eta Mugak Kontrolatzeko Zerbitzuak egoera irregularrean dauden milioika migratzaile deportatuko ditu datorren astetik aurrera.

"Hurrengo astean hasiko dira AEBn legez kanpo sartu diren milioika atzerritar erbesteratzen", esan du agintari estatubatuarrak Twitter bidez. "Iritsi bezain pronto deportatuko dituzte", azpimarratu du.

Ildo horretan, Mexikok egindako lana txalotu du "hegoaldeko mugara heldu aurretik hainbat pertsona gelditu baitituzte". Gainera, Guatemalak ere aurki hirugarren segurtasun akordioa sinatuko duela nabarmendu du.

Trumpen hitzetan, "demokratak dira ezer egingo ez duten bakarrak". "Asiloaren afera konpondu behar dute. Horrela bada, mugako krisia berehala bukatuko da", gaineratu du.

AEBko presidenteak El Salvador, Guatemala eta Honduras kritikatu ditu, herrialde horietako herritarrek Mexikora joan direlako AEBko muga gainditzeko asmoz.

Gutxi gorabehera, 12 milioi etorkin daude egoera irregularrean AEBn, eta Mexikotik eta Erdialdeko Amerikatik joandakoak dira gehienak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Migrazioa Ameriketako Estatu Batuak Mexiko Eguneko albisteak Albisteak Donald Trump Guatemala Honduras gaur