Mundua -
Hauteskunde presidentzialak
Sandra Torres izan da garaile Guatemalako hauteskundeetan
Hauteskunde mahaien % 20 zenbatuta dagoela, hautagai sozialdemokratak ez luke lehen itzulian irabazteko gehiengo nahikorik, eta bigarren itzulian ebatziko litzateke emaitza.
Agentziak | Erredakzioa
Sandra Torres Guatemalako lehen dama ohiak irabazi ditu atzo, igandearekin, egin ziren hauteskunde presidentzialak. Hauteskunde mahaien % 20 zenbatuta dagoela, hautagai sozialdemokratak botoen % 23,33 eskuratu du.
Torresen Esperantzaren Batasun Nazionalaren alderdiak eskuineko hautagaiak baino zortzi puntu gehiago eskuratu ditu. Hala, Alejandro Giammatteik botoen % 15,70 lortu du.
Dena dela, joera hori aintzat hartuta, Torresek ez luke lehen itzulian irabazteko gehiengo nahikorik (erdia gehi bat), bigarren indar bozkatuenarekin, Giammetteirekin alegia, lehiatu beharko da bigarren itzulian (abuztuaren 11n).
Torres zen faborito, inkesten arabera. Giammetttei bigarren postua geratuko zela ere jakina zen, baina eskuineko hautagaiak gertu izan du Edmond Mulet Nazio Batuen Erakundeko Idazkaritza Nagusiko kabinete buru ohi eta Humanista alderdiko hautagaia; botoen % 12,83 eskuratu du.
Laugarren postuan Thelma Cabrera indigena den hautagai bakarra geratu da, botoen % 9,44rekin. Herrien Askapenerako Mugimenduaren alderdiko zerrendaburua da Cabrera.
Bosgarren indar bozkatuena Roberto Arzuk, Alvaro Arzu presidente ohiaren semeak, buru duen PAN-Podemos koalizio ultrakontserbadorea izan da, botoen % 6,55ekin.
Zortzi milioi guatemalar zeuden atzo deituta bozkatzera. Guatemalako presidentea eta presidenteordez gain, Kongresuko 160 diputatuak, Parlamentuko 20 ordezkariak eta 340 udaletako ordezkariak aukeratu behar zituzten.
Hauteskunde egunean istiluak egon ziren hainbat herritan, eta hori dela eta, hauteskundeak bertan behera geratu ziren Esquipulas Palo Gordo eta San Jorge udalerrietan (San Marcos eta Zacapa departamentuetan, hurrenez hurren).