Mundua -
AMERIKETAKO ESTATU BATUAK
Merituetan oinarritutako migrazio plan berria proposatu du Trumpek
Presidente estatubatuarrak puntu sistema bat proposatu du, bizileku-baimenak ematerakoan merituak gehiago kontuan hartzeko eta familia loturak, ostera, gutxiago.
AGENTZIAK
Donald Trump AEBko presidenteak migrazio plan berri bat proposatu du, meritu profesionalak lehenesteko familia loturen gainetik.
Zehazki, puntu sistema bat proposatu du, bizileku-baimenak emateko: "Puntu gehiago emango ditugu langile gaztea izateagatik, balio handiko ezagutzak, lan eskaintza bat eta hezkuntza aurreratua izateagatik, edota lanpostuak sortzeko egitasmo bat izateagatik". Halaber, ingeles-maila eta gizalegea bi ezinbesteko baldintza izango dira.
Egitasmoak asilo eskubidea eskatzeko baldintzak gogortzea aurreikusten du, eskaera "legitimoak" soilik onartzeko. "Asilo eskaera egokia egin baldin baduzu, onartua izango zara segituan. Osterantzean, etxera eramango zaituzte bueltan", azaldu du Trumpek. Dena den, ez du zehaztu egitasmo hori nola gauzatuko duen.
Proiektuaren baitan, Mexikoko mugako harresiaren eraikuntza azkartzea espero, mugako segurtasuna indartzea helburu.
Jared Kushner Trumpen suhia eta Etxe Zuriko aholkulari ere badenak eta Stephen Millerrek prestatu dute plana. Azken hori ezaguna da migrazio gaietan duen jarrera gogorrarengatik. Dena den, errepublikarrek demokraten onespena beharko dute Ordezkarien Ganberan egitasmoa onartzeko.
Demokratek egitasmoa baztertzen badute, hauteskunde ostean onartzeko itxaropena agertu du Trumpek. Haren esanetan, bozen ostean, Ordezkarien Ganbera berreskuratuko dute eta Senatuari eta presidentziari eutsiko diote.