Mundua -
Venezuela
Argindarra kendu dute Venezuelak AEBn duen enbaxadan, ekintzaileak kanporatzeko
Beste alde batetik, Juan Guaidok beste itzalaldi bat salatu du Zulia estatuan, eta, itzalean bada ere, kalera irteteko deia egin die herritarrei, “diktadurarekin amaitzeko”.
Agentziak | Erredakzioa
Argindar barik geratu dira Venezuelak AEBn duen enbaxadan, bertan dauden ekintzaileek salatu dutenez. Itzalaldia Juan Guaido Venezuelako oposizioko buruak herrialdean duen ordezkariari leporatu diote, alegia, Carlos Vecchiori.
“Heritarrak enbaxadan jarraitzeko prest gaude, baina oso gaizki moldatzen ari gara energia hornidurik gabe”, esan du Medea Benjamin Code Pink ekintzaile taldeko buruak.
Halaber, talde horretako liderrak azaldu duenez, ekintzaileek zailtasun handiak dituzte enbaxadan sartzeko edota elikagaiak eskuratzeko. Hala, gau eta egun aritzen den zaintza-taldea 15 bat lagunek osatzen dute orain, gero eta gutxiagok.
Venezuelak AEBn duen enbaxada hori “indarra erakusteko ikur” bihurtu da herrialdean.
Argindar barik Zulian
Beste alde batetik, Juan Guaido opositore eta bere burua Venezuelako presidente aldarrikatu zuenak Zulia estatuan itzalaldia izan dela salatu du, eta, itzalean bada ere, kalera irteteko deia egin die herritarrei, “diktadurarekin amaitzeko”.
“Zulia argindar barik dagoen bitartean, itzalaldia eragin zuen taldeak ezkutatuta jarraitzen du, barne liskarrak konpontzen”, esan du Guaidok Twitter bidez zabaldu duen mezu batean.
Apirilaren 30ean, 'Askatasuna Operazioa' abiatu zuen Guaidok, Gobernu chavista botatzeko asmoz, baina hainbat militar alboan zituela agertu zen Nicolas Maduro handik ordu batzuetara. Hala, estatu-kolpe saiakerak “porrot” egin zuela azpimarratu zuen, eta altxamendu militar horren bultzatzaileak zigortuko zituela iragarri.