Mundua -
'Brexit'
Europar Batasunak 'brexit'ari buruzko goi-bilera egingo du apirilaren 10ean
EBko buruzagiek 'brexit'aren prozesuaz eztabaidatuko dute, Parlamentu britainiarrak Mayren akordioa hirugarrenez atzera bota ostean.
agentziak | erredakzioa
Donald Tusk Europako Kontseiluko presidenteak Europar Batasuneko estatuetako buruzagien aparteko goi-bilera deitu du apirilaren 10erako brexit-aren prozesuaz eztabaidatzeko, Parlamentu britainiarrak irteera akordioa hirugarrenez atzera bota ostean.
"Komunen Ganberak irteera akordioa errefusatu duela ikusita, apirilaren 10erako Europako Kontseilua deitzea erabaki dut", adierazi du Tuskek Twitterren.
344 izan dira hirugarren bozketa horretan brexit-aren akordioak jasotako kontrako botoak. 286 diputatuk, aitzitik, alde bozkatu dute.
Europar Batasuneko estatu eta gobernuburuen batzarra apirilaren 12a baino bi egun lehenago izango da. Data hori da, hain zuzen ere, Erresuma Batua EBtik akordiorik gabe ateratzeko eguna, aurretik beste egitasmorik aurkeztu ezean. Bestelako plan bat aurkeztuz gero, negoziazioak luzatzeko eskaera egin ahal izango luke.
Testuinguru horretan, Erresuma Batuak Europako Hauteskundeetan parte hartu beharko luke.
Brexiterako akordioak jaso duen errefusak ateak itxi dizkio prozesua maiatzaren 22ra atzeratzeko aukerari. Aukera horixe eskaini zuen Europako Kontseiluak aurreko astean, baina diputatuek baiezkoa eman behar zioten hori gauzatzeko.
Europako Batzordeko bozeramaile batek Efe albiste-agentziari esan dio "litekeena" dela apirilaren 12an akordiorik gabe ateratzea.
"EB honetarako prestatzen aritu da 2017tik, eta orain guztiz prest dago apirilaren 12ko gauerdian akordiorik gabe irteteko", gaineratu du, eta zehaztu, "gogo txarrez" hartu duela Komunen Ganberak kontrako botoa eman izana.
Era berean, baztertu egin du sektore jakinetan "miniakordioak" egingo dituztela, besteak beste herritarren eskubideetan.