Mundua -

Erresuma Batua

Komunen Ganberak atzera bota du, hirugarrenez, 'brexit'aren akordioa

Aurreikusitakoaren arabera, Erresuma Batuak apirilaren 12an utzi beharko du Europar Batasuna, Bruselarekin akordiorik lortu gabe.

Theresa May. Argazkia: EFE
Theresa May
Parlamentu britaniarrak hirugarrenean ere ezetza eman dio Theresa Mayri

1:09

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Komunen Ganberak atzera bota du, berriro ere, Theresa May Erresuma Batuko lehen ministroak Europar Batasunarekin brexitaren inguruan adostutako ituna. Horrek esan nahi du apirilaren 12an, Bruselarekin akordiorik lortu gabe, Europar Batasuna utzi beharko dutela.

344 izan dira hirugarren bozketa honetan brexitaren akordioak jasotako kontrako botoak. 286 diputatuk, aitzitik, alde bozkatu dute. Esan bezala, parlamentariek Mayren plana errefusatzen duten hirugarren aldia da gaurkoa, nahiz eta azken bozketan aurrekoetan baino babes handiagoa lortu duen.

Besteak beste, Boris Johnson Atzerri ministro ohiak eta Jacob Rees-Mogg Alderdi Kontserbadoreko alde gogorraren buruak eman dute aldeko botoa.

Hain zuzen ere, Britainia Handiko Gobernuaren azken saiakera zen ostiral honetakoa, EBko kideek aste honetan bertan akordioa onartzeko egindako eskakizuna betetzeko.

Emaitza ezagutu ostean, Mayk adierazi du "pentsatzeko modukoa" dela hirugarrenez Komunen Ganberak EBtik "modu txukunean" irteteko aukera baztertzea, eta ohartarazi du erabaki honek ondorio "larriak" dituela.

Ondorioz, azpimarratu du Erresuma Batua apirilaren 12an atera beharko dela EBtik, alegia, hamalau eguneko epean. "Beste bideren bat hartuz gero, ziur asko, Erresuma Batuak Europako hauteskundeetan parte hartuko luke. Mugara iristen ari garela uste dut", azpimarratu du.

Europako agintarien goi-bilera deitu du Tuskek

Europako Kontseiluko presidente Donald Tuskek goi-bilera deitu du apirilaren 10erako, Brusela eta Londres artean itundutako "banaketa akordioa" atzera botatzeko erabakiaren berri izan duenean.

Goi-bilera horretan, brexitaren prozesuan hartu beharreko hurrengo urratsei buruz eztabaidatuko dute Europar Batasuneko kide diren herrialdeetako agintariek.

"Akordioa errefusatu dutela ikusita, apirilaren 10erako bilera deitzea erabaki dut", idatzi du Tuskek bere Twitter kontuan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Erresuma Batua Albisteak Gaur Gaurko azken ordukoa Brexit albisteak Zer da Brexita Theresa May Londres