Mundua -

VENEZUELA

Madurok eraso bati egotzi dio azken itzalaldia, eta errazionamendua iragarri du

Venezuelako hainbat estatutan argindarrik gabe jarraitzen dute astelehenaz geroztik. Guriko zentral hidroelektrikoaren aurkako 'erasoaren atzean' egotea leporatu die Madurok oposizioari eta AEBri.

Ibilgailuak Caracasen, argirik gabeko kale batean. EFE
Ibilgailuak Caracasen, argirik gabeko kale batean
Itzaladi berri batek ilunpetan utzi du Caracas

0:38

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Venezuelan, Nicolas Maduro presidenteak oposizioaren eta Ameriketako Estatu Batuen (AEB) aurka egin du, berriro, "fusilez egindako eraso terrorista" baten atzean egotea leporatuta. Egoerari aurre egin eta sistema egonkortzeko, errazionamendua iragarri du Madurok datozen egunetarako. Asteleheneko itzalaldiaz geroztik, argindarrik gabe daude Venezuelako hainbat tokitan.

"Errazionamendu kontziente eta antolatua egin beharko dugu egun batzuetan, erre dutena berreraiki eta sistema egonkortu arte", aurreratu du Madurok. Astelehenean bi itzalaldi izan ziren Venezuelan, eta argindarrik gabe jarraitzen dute ordutik hainbat estatutan.

VTV telebista-katean egindako adierazpenetan, argindar hornidura datozen orduetan berrezartzea eta datozen egunetan elektrizitatea guztiz egonkortzea espero duela iragarri du Madurok. Horren esanetan, herrialdearen zati handi batean (% 80) argindarra berrezarri dute eta herrialdearen mendebaldean dituzte arazo handienak.

Madurok gaineratu duenez, Guriko zentral hidroelektrikoan sutea eragin zuen erasoa "fusil batekin egin zen, gune malkartsu batetik". "Erasoa jasan duen tokia ezinbesteko tokia da elektrizitatea herrialdean zabaltzeko", esan du.

Nicolas Maduroren hitzetan, energia falta dela-eta Venezuela ia geldirik egoteak "AEBko inperialismoari" eta "oso gaiztoa den eskuinari" egiten die mesede. "Horren atzean Donald Trumpen (AEBko presidentea) eskua dago", adierazi du.

Bere teoria babesten duten frogak badaudela jakinarazi du Venezuelako presidenteak, Guriko zentral elektrikoan erabilitako bala-zorroak eta helmen handiko fusila, "segur aski frankotiratzaile batek erabilitakoa", aipatuta.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak Eguneko albisteak Eguneko albisteak Venezuela bideoak Latinoamerika Nicolás Maduro Juan Guaidó