Mundua -

Afrika hegoaldea

Idai zikloia hego hemisferioko hondamendi meteorologiko larriena izan liteke

Mozambikeko agintarien arabera, 1.000 gora izan daitezke hildakoak. 'Milaka eta milaka kilometro ikusi ditugu urpean', ohartarazi dute.

Idai zikloiak Sofalan (Mozambike) utzitako ondorioak. Argazkia: EFE
Idai zikloiak Sofalan (Mozambike) utzitako ondorioak.
Idai zikloiak Sofalan (Mozambike) utzitako ondorioak. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Azken egunotan Afrika hegoaldea astindu duen Idai zikloia hego hemisferioko hondamendi meteorologiko larriena izan liteke, NBEko arduradunek ohartarazi dutenez.

Mozambiken 1,7 milioi pertsona zeuden txikituta geratu den eremuan; Malawin, 920.000 ziren, Herve Verhoosel Elikagaien Nazioarteko Programaren bozeramailearen hitzetan. Zimbabweko daturik ez dute jakinarazi.

"Han dagoen jendeak esaten diguna da munduak ez dakiela oraindik hondamendiaren tamaina norainokoa den", esan du Matthew Cochrane Gurutze Gorriko eta Ilargi Gorriko Nazioarteko Federazioaren bozeramaileak. "Izugarrikeria, bere osotasunean, datozen egunetan ezagutaraziko da", erantsi du.

Lola Castro Elikagaien Nazioarteko Programaren Mozambikeko arduradunak nabarmen duenez, euriteek sei metroko uholdeak eragin dituzte, "txikizioa izan da" gune askotan.

Buzi ibaiak gainezka egin du, eta ehunka pertsona hil dira. Pungoe eta Save ibaiek ere gainezka egitea espero da datozen 72 orduetan.

Mozambikeko agintariek emandako biktimen balantze ofizialaren arabera, 84 pertsona hil dira, baina Filipe Nyusi presidenteak astelehenean, hondamendiaren eremua airetik ikusi ostean, iradoki zuenez, 1.000tik gora izan daitezke. Zimbabwen, berriz, 98 hildako eta 200 desagertu daude, baina horiek ere behin behineko zifrak dira.

Bi ume, Sofalako (Mozambike) urpetutako kale batean. Argazkia: EFE

Idai zikloiak Mozambiken urpetuta utzi duen kaleetako bat.

Hildakoen kopuruak gora egitea espero da

"Aurreikuspen beltzenak betetzen badira, hego hemisferioko hondamendi meteorologiko eta zikloi tropikal larriena izango da honakoa", adierazi du Clare Nullis Munduko Meteorologia Erakundeko bozeramaileak.

Caroline Haga Gurutze eta Ilargi Gorriko Nazioarteko Federazioaren kidearen hitzetan, "NASA eta Europako Espazio Agentziarekin lanean ari gara satelite bidezko informazioa lortzeko; hartara, txikitutako guneak identifikatu eta bertan harrapatutako pertsona kopurua zehaztu ahalko dugu. Eremu handiak dira, ziurrena gora egingo du biktima kopuruak".

Idai zikloiak utzitako hondamendia, airetik ikusita:

Idai zikloiak Mozambiken utzitako suntsipena, airetik ikusita
Idai zikloiak Mozambiken utzitako suntsipena, airetik ikusita
Idai zikloiak Mozambiken utzitako suntsipena, airetik ikusita

1:31

Mozambikeko gune garaietan ehunka dira harrapatuta daudenak, Gerald Bourke Elikagaien Nazioarteko Programaren kidearen arabera. "Ez dakigu zenbat diren hildakoak, baina urpetutako eremua oso zabala da. Kilometroak eta kilometroak dira", zehaztu du.

"Mozambikeko balantzea beldurgarria da. Leku askotan ez dira ikusten arbolen adaburuak eta teilatuak ere. Beste batzuetan, jendea teilatuetan dago, laguntza noiz helduko zain", esan dute Save the Childrenetik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Afrika Nazioartea Eguneko albisteak Hondamendi naturalak Albisteak Uholdeak Urakanak albisteak Lurrikaretan hildakoak