Mundua -

VENEZUELA

'Venezuela askatzeko aukera guztiak' proposatuko dituela esan du Guaidok

Oposizioko buruak aurreratu duenez, bihar Bogotan egitekoa den Limako Taldearen bileran parte hartuko du.

Juan Guaido, atzo, Venezuela eta Kolonbia arteko mugan. Argazkia: EFE.
Juan Guaido, Venezuela eta Kolonbia arteko mugan.
Maduro boteretik botatzeko aukera guztiak mahai gainean daudela dio Juan Guaidok

1:28

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Juan Guaido Venezuelako Parlamentuko presidenteak eta oposizioko buruak esan du, atzoko gertakarien ondoren, "bere aberria askatzeko aukera guztiak mahai gainean" jarriko dizkiola nazioarteko komunitateari. Guaidok bere burua Venezuelako "presidente arduraduna" izendatu zuen duela hilabete.

"Gertatukoak erabaki bat hartzera behartzen nau: nazioarteko komunitateari formalki proposatuko diot gure aberria askatzeko aukera guztiak kontuan hartu behar ditugula", adierazi du txio batean oposizioko buruak.

Istilu larriak izan ziren atzo Venezuela eta Kolonbia arteko mugan. Elikagaiz eta beste hainbat produktuz betetako kamioiak Venezuelara indarrez sartzen saiatu zen oposizioa, eta Nicolas Maduroren aginduz, Guardia Nazionalak hesi batekin eragotzi zuen laguntza humanitarioa sartzea.

Guaido Cucutan dago atzotik, eta aurreratu duenez, bihar Bogotan egitekoa den Limako Taldearen bileran parte hartuko du.

Madurok harremana eten du Kolonbiarekin

Madurok iragarri du harreman diplomatiko guztiak eten dituela Kolonbiarekin, eta 24 orduko epea eman die herrialde horretako diplomazialariei Venezuelatik alde egiteko.

"Ezin dut Kolonbiako gobernu faxistaren eraso gehiago jaso, horregatik erabaki dut harreman politiko guztiak etetea", adierazi du Madurok Caracasen egindako ekitaldi jendetsuan.

Bien bitartean, milaka pertsona kalera irten ziren atzo Caracasen, Madurori eta haren Gobernuari babesa agertzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ameriketako Estatu Batuak Albisteak Venezuela Kolonbia Brasil Latinoamerika Nicolás Maduro Juan Guaidó