Mundua -

VENEZUELA

Venezuelatik ateratzeko debekua ezarri dio Auzitegi Gorenak Juan Guaidori

Halaber, bere kontuak blokeatu ditu. Tarek Saab fiskal nagusiaren eskariari jarraituz hartu du erabakia. Juan Guaidok, ostera, enbaxadoreak izendatu ditu Ameriketako 10 herrialdetan.

Juan Guaido Venezuelako Asanblea Nazionalean. Argazkia: EFE
Juan Guaido Venezuelako Asanblea Nazionalean
Venezuelatik irtetea debekatu dio Auzitegi Gorenak Juan Guaidori

0:45

AGENTZIAK

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Venezuelako Auzitegi Gorenak herrialdetik ateratzeko debekua ezarri dio Juan Guaido Asanblea Nazionaleko presidente den eta bere burua Venezuelako presidentetzat jo duenari, eta bere kontuak blokeatu ditu. Tarek Saab fiskal nagusiaren eskariari jarraituz hartu du erabakia. Juan Guaidok bere aldetik, hamar enbaxadore izendatu ditu Ameriketako 10 herrialdetan. Parlamentuak ia aho batez onartu ditu izendapenak.

Maikel Moreno Auzitegi Goreneko presidenteak iragarri du albistea. Aipaturiko debekuez gain, ezingo ditu ondasunak besterendu edota zergapetu, beste era batera esanda, saltzea edo eskualdatzea galarazten dio.

Aurrez, Tarek Saab Venezuelako fiskal nagusiak jakinarazi zuen Juan Guaido ikertuko duela eta kautelazko neurrien baitan, Venezuelatik ateratzeko debekua ezartzea eta bere aktiboak blokeatzea eta ondasunak besterentzea galdegin zion Auzitegi Gorenari.

Fiskalak hedabideen aurrean azaldu zuenez, Guaidok bere burua presidente izendatu izanak "indarkeria ekintzak, atzerriko gobernuen adierazpenak eta Errepublikaren aktiboen izoztea ekarri ditu, eta horiek denak orden konstituzionalaren aurkako delitu larriak izan daitezke".

Tarek Saab fiskal nagusiaren eskariaren berri izan ostean, Asanblea Nazionaleko presidente gisa lanean jarraitu zuen.

Asanblea Nazionaleko osoko bilkuran, Juan Guaidok Ameriketako 10 herrialdetan enbaxadoreak izendatzea proposatu zuen, tartean, Argentinan, Ameriketako Estatu Batuetan, Kanadan, Txilen, Kolonbian, Costa Rican, Ekuadorren, Hondurasen, Panaman, Perun eta Limako Taldean. Minutu batzuk geroago, Parlamentuak "aho batez" onartu zituen proposamenak.

Bestalde, iragan astean herrialdean protestak hasi zirenetik poliziek eta militarrek izandako jarrera ikertuko duela iragarri du Parlamentuak. Ez hori bakarrik, giza eskubideak urratu dituztenak zigortuko dituela ohartarazi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Eguneko albisteak Gaurko azken ordukoa Venezuela Latinoamerika Nicolás Maduro Guaidó azken ordukoa