Mundua -

Venezuela

Venezuelako Fiskaltzak Juan Guaido ikertuko duela iragarri du

Bere burua Venezuelako behin-behineko presidente izendatzeagatik ikertuko dute. Fiskalburuak herrialdetik ateratzeko debekua ezar diezaiotela eskatu du.

Juan Guaidok urtarrilaren 23an izendatu zuen bere burua Venezuelako behin-behineko presidente. EFE
Juan Guaidok urtarrilaren 23an izendatu zuen bere burua Venezuelako behin-behineko presidente.
Venezuelako Fiskaltzak Juan Guaido ikertuko duela iragarri du

1:32

AGENCIAS | REDACCIÓN

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Tareck William Saab Venezuelako fiskal nagusiak jakinarazi du Juan Guaido ikertuko dutela eta dagoeneko kautelazko hainbat neurri eskatu dituztela.

Urtarrilaren 23an izendatu zuen Guaidok bere burua Venezuelako behin-behineko presidente. Fiskaltzaren esanetan, "ekimen horrek indarkeria ekintzak, atzerriko gobernuen adierazpenak eta Errepublikaren aktiboen izoztea ekarri ditu, eta horiek denak orden konstituzionalaren aurkako delitu larriak izan daitezke”.

Gauzak horrela, Guaido ikertzea erabaki dute, eta Auzitegi Gorenari bere kontrako kautelazko neurriak ezar ditzala galdegin diote: Venezuelatik ateratzeko debekua, bere aktiboak blokeatzea eta ondasunak besterentzea, hain zuzen ere.

Beraz, eta Guaidok azken egunotan kontrakoa iradoki badu ere, ez dute bera atxilotzeko eskatu.

Nicolas Madurok urtarrilaren 10ean hasi zuen bere bigarren agintaldia, baina Venezuelako oposizioak eta nazioarteko herrialde askok ez diote zilegitasunik eman, hauteskunde prozesuan iruzurra izan dela iritzita.

Gauzak horrela, Venezuelako Parlamentuko buruzagiak bere burua Venezuelako behin-behineko presidente izendatu zuen urtarrilaren 23an, oposizioak deitutako manifestazio jendetsu baten ostean. Bere asmoa trantsiziorako gobernu bat eratzea eta hauteskunde "libreak" deitzea dela adierazi zuen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Eguneko albisteak Albisteak Venezuela Nicolás Maduro Juan Guaidó