Mundua -
Venezuela
'AEBtik zuzendutako estatu-kolpea guztiz' garaituko dutela agindu du Madurok
Venezuelako presidentearen esanetan, oposizioak “zapasalto” bat eman du Guaidoren izendapenarekin. Estatu-kolpearen “gidoia Washingtonek idatzi” duela salatu du.
Agentziak | Erredakzioa
"Ameriketako Estatu Batuetatik zuzendutako Estatu-kolpea erabat eta guztiz” garaituko dutela agindu du Nicolas Maduro Venezuelako estatuburuak. Presidentearen esanetan, oposizioak “zapasalto” bat eman du Guaidoren izendapenarekin.
“Venezuelako herriak ez du onartuko, Armadak ez du onartuko, garaituko ditugu, bakea mantentzeaz arduratuko gara”, ziurtatu du Miraflores jauregian.
Estatu kolpearen “gidoia Washingtonek idatzi” duela salatu du Madurok. “Konstituzioari helduta, guztiz eta erabat garaituko dugu”, errepikatu du agintariak. “Burujabetza, independentzia eta Venezuelako errepublikaren existentzian une garrantzitsua” bizitzen ari direla uste du buruzagiak.
Venezuelan “erregimen demokratikoa eta zuzenbidezko estatu bat” dagoela defendatu du presidenteak. Maduroren hitzetan, oposizioak “zapasalto bat eman du, nazioartearen presioak harrotuta. Oposizioari berari kalte egingo dio”.
“Beste behin ere, iraultzaren aurkako manipulazio eta desinformazio kanpaina ikaragarria dago martxan”, salatu du. Estatu kolpe saiakerari lagundu izana egotzi die agintariak nazioarteko komunikabideei. Zentzu horretan, 2002ko “estatu kolpe mediatikoarekin” alderatu du.
Juan Guaido Batzar Nazionaleko presidenteak zuzendutako “estatu kolpeari” aurre egin dion “indar chavista" goraipatu du Madurok. Gainera, babes hori “ezkutatzea” leporatu die Madurok nazioarteko komunikabideei.
Horrela, Hugo Chavezen kontrako estatu kolpea gogorarazi du Madurok. Pedro Carmona presidente gisa aintzatetsi zuen aurreneko gobernua AEBena izan zen, eta ondoren Espainiakoa, “Espainia kolonial, harroputz, arrazista, Venezuela eta Bolivar gutxietsi zituena”, gaineratu du. “ 2012ko apirilaren 11ko gidoi hura ñabardura goibelekin errepikatu dute oraingoan”, kritikatu du.
Azkenik, oposizioarekin “komunikazio kanalak beti” izan direla ziurtatu du Venezuelako presidenteak. “Nahiz eta nazioartearen esku-sartzea eta oposizioaren azken ekintzak kontuan izan”, elkarrizketarekin konpromisoa agertu du Madurok.