Mundua -

Venezuela

Maduro: 'Herriak soilik jar dezake, herriak bakarrik ken dezake'

Estatuburua bera dela esan du Venezuelako presidenteak Miraflores jauregian, oposizioaren mobilizazioei erantzuteko martxa chavista bertan bukatu ostean.

Nicolas Maduro Venezuelako presidentea. Argazkia: EFE
Nicolas Maduro Venezuelako presidentea. Argazkia: EFE
Nicolas Maduro Venezuelako presidentea. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Estatuburua bera dela esan du Nicolas Maduro Venezuelako presidenteak, Juan Guaido Batzar Nazionaleko buruzagiak bere burua "behin-behineko presidente" izendatu eta ordu batzuetara.

"Herriak soilik jar dezake, herriak bakarrik ken dezake", adierazi du Madurok Miraflores jauregian, oposizioaren mobilizazioei erantzuteko martxa chavista bertan bukatu ostean.

Trumpen Gobernuak Guaido babestu ondoren, Ameriketako Estatu Batuetako Gobernuarekin harreman diplomatikoak eta politikoak haustea erabaki du Madurok. Washingtonen "interbentzionismoa" salatu du Venezuelako presidenteak, eta 72 ordu eman dizkio enbaxada husteko.

"Estatu Batuetako gobernu inperialistarekin harreman diplomatikoak eta politikoak haustea erabaki dut", esan du Madurok. "Kanpora, Venezuelatik joango zarete. Interbentzionismoa, aski da; hemen duintasuna dago, lur hau defendatzeko prest dagoen herri bat", gaineratu du hitzaldian.

Bestalde, Guaidoren aurrean justizia sistemak legearekin ados "ekin" behar duela azpimarratu du Venezuelako presidenteak. "Edozeinek izenda dezake bere burua presidente edo Venezuelako herriak presidentea aukeratzen du?”, galdetu die Madurok bere jarraitzaileei.

"Kanpora, Venezuelatik joango zarete. Hemen duintasuna dago, lur hau defendatzeko prest dagoen herri bat"

Venezuelaren krisi politikoa urtarrilaren 10ean areagotu zen, Maduroren bigarren legealdia hasi zenean. Oposizioak eta nazioarteko herrialde batzuek ez dute Maduroren Gobernua onartzen, hauteskunde prozesuan “iruzurra” izan zela iritzita.

Maduro karguaren “usurpatzaile” bat dela azaltzeko ebazpen bat onartu zuen Batzar Nazionalak duela bost egun, baina orain arte ez zuen Guaido Venezuelako presidente berri izendatu.

Asteazken honetako manifestazioak aprobetxatuz, Guaidok bere burua presidente izendatu du. "Exekutibo Nazionalaren eskumenak hartzen ditut formalki, Venezuelako behin-behineko presidente gisa", adierazi du Chacaon, Caracasen.

Orain arte, Ameriketako Estatu Batuek, Kanadak, Kolonbiak, Txilek, Brasilek, Paraguaik eta Peruk aintzatetsi dute Guaido, eta trantsizio baketsu bat bideratzeko laguntza eskaini diote.

Dozenaka mila venezuelar kalera atera dira Nicolas Maduroren alde
Dozenaka mila venezuelar kalera atera dira Nicolas Maduroren alde
Dozenaka mila venezuelar kalera atera dira Nicolas Maduroren alde

2:31

Militarrek ez dutela "interes ilunen itzalean inposatutako presidente bat" onartuko ohartarazi du Valdimir Padrino Venezuelako Defentsa ministroak. "Itxaropen galduak eta intolerantziak herriaren bakeari eraso diote. Aberriaren soldaduek ez dugu interes ilunen itzalean inposatutako presidente bat onartuko, ezta legez kanpo bere burua izendatu duen bat ere", zabaldu du ministroak Twitter sare sozialaren bidez.

Armadak Konstituzioa defendatuko duela eta "burujabetza nazionalaren berme" izango dela erantsi du Padrinok mezuan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Eguneko albisteak Albisteak Venezuela Nicolás Maduro