Mundua -
Venezuela
Juan Guaidok Venezuelako presidente izendatu du bere burua
Guaido Venezuelako Parlamentuko presidentea eta oposizioko buruzagia da. Konstituzioak aurreikusten ez duen ekitaldi batean, Gobernuko presidente kargua bere gain hartu duela iragarri du.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Juan Guaido Venezuelako Parlamentuko presidenteak Gobernuko "behin-behineko presidente" izendatu du bere burua, oposizioak antolatutako manifestazio baten amaieran egindako ekitaldian. Nicolas Madurok presidente izateko zilegitasunik ez duela iritzita, Venezuelako Gobernuaren eskumenak bere gain hartzeko zina ere egin du.
"Gaur, 2019ko urtarrilaren 23an, Asanblea Nazionaleko presidente naizen heinean, Konstituzioaren artikuluak babestuta (…), Jainko ahaltsuaren aurrean, Venezuelaren aurrean (…), Gobernu Nazionalaren eskumenak nire gain hartzeko zina egiten dut", adierazi du manifestazioan bildu diren herritarren aurrean.
Kargua Venezuelako Konstituzioak babestuta hartu duela azpimarratu du, eta erabaki honen helburua "Madurok Presidentetza uztea, trantsiziorako Gobernu bat osatzea eta hauteskunde libreak deitzea" dela azaldu du.
Joan den urtarrilaren 10ean, Madurok bigarren agintaldiari ekin zion, baina oposizioaren eta nazioarteko komunitateko herrialde gehientsuenen aitortzarik gabe, hauteskunde prozesuan iruzurra izan zela uste baitute.
Venezuelako Parlamentua oposizioaren eskuetan dago, eta Madurok gobernuburu izateko zilegitasunik ez duela eta "usurpatzailea" dela salatu zuen hark kargua hartu eta bost egunetara. Testuinguru horretan iritsi da Guaidok gaur eman duen urratsa.
Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako presidentea izan da lehena Guaidoren izendapena aintzat hartzen. Venezuelako presidentea orain bera dela esan du.
Kanada, Brasil, Kolonbia, Ekuador, Peru, Paraguai eta Costa Ricako gobernuek ere zilegitasuna eman diote Guaidori.