Mundua -
VENEZUELA
Maduroren aurka protestan atera dira Venezuelan, bigarren gauez jarraian
Madurok mobilizazioak bakean egin daitezen eskatu du, eta AEBk Venezuelan 'kaosa' nagusitzea nahi duela ohartarazi du. Juan Guaidok 'osatze prozesua' abiatzeko dei egin die herritarrei eta militarrei.
AGENTZIAK
Ehunka venezuelar kalera atera dira bart, bigarren egunez jarraian, Nicolas Maduroren Gobernuaren kontra protesta egiteko. Ohiko bihurtu denez, oraingoan ere sare sozialen bitartez egin dute protestarako deialdia.
Bertako hedabideek eta sareko erabiltzaileek zabaldutako informazioaren arabera, Caracas hiriburuan ez ezik, manifestazioan atera dira Guaricon, Bolivarren, Meridan, Sucren, Anzoateguin, Carabobon, Araguan eta Vargasen.
Caracasen hasi ziren protestak astelehen gauean eta bart ere errepikatu egin dira. Hiriburuan hasitako protestak, ordea, herrialdeko hainbat txokotara zabaldu da.
Oposizioak manifestazio nazionala deitu du asteazken honetarako Caracasen eta herrialdeko 23 estatuetan, Maduro presidentea "ez legitimoa" eta "usurpatzailea" dela adierazteko.
Manifestazioak bakean egiteko deia egin du Madurok
Nicolas Maduro Venezuelako presidenteak mobilizazioak bakean egiteko deia egin die herritarrei. Asteazken honetarako protesta berriak deitu dituzte, bai ofizialistek eta baita Maduroren kontrakoek ere. Madurok ohartarazi duenez, AEBk Venezuelan "kaosa" nagusitzea nahi du.
Venezuelako presidenteak ziurtatu duenez, Gobernuak beharrezko segurtasun neurriak hartu ditu asteazken honetan oposizioak herrialdean zehar deitu dituen manifestazioen harira. "Egiten duzuena egiten duzuela, subiranotasuna, herria, bakea, konstituzioa eta iraultza bolivartarra gailenduko dira", jarraitu du.
Ofizialismoak, bere aldetik, Caracasen manifestazioa deitu du, Madurori babesa agertzeko.
Madurok Leoldo Lopez preso dagoen oposizioko buruaren Herriaren Borondatea alderdiari egotzi dio azken orduetan monumentuen eta ondasun higiezinen kontra molotov koktelekin egindako erasoak. Bolivar estatuan esaterako, San Felix udalerrian, Hugo Chavezen estatua erre dute.
Asanblea Nazionaleko presidenteak "sendatze prozesua" abiatzeko deia egin die herritarrei eta militarrei
Juan Guaido Asanblea Nazionaleko presidenteak "sendatze prozesua" abiatzea eskatu die herritarrei eta militarrei, haren esanetan, demokrazia erreskatatzeko.
Guaidok behin eta berriro dei egin die armadari eta herriari, Nicolas Maduro kanporatzeko bat egin eta presio egin dezaten.