Mundua -

Erresuma Batua

'Brexit'aren akordioa babesteko azken deia egin die Mayk bere alderdiko diputatuei

Komunikabide britainiarren arabera, 100 baino gehiago izango dira itun horren aurka agertuko diren diputatu kontserbadoreak. Bozketa astearte honetan egingo dute Parlamentuan.

Theresa May. Artxiboko argazkia: EFE
Theresa May.
Theresa May. Artxiboko argazkia: EFE

EFE

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Theresa May lehen ministro britainiarrak azken saiakera egin du gaur bere alderdiko diputatuak brexit-aren akordioaren alde egin dezatela konbentzitzeko.

Astearte honetan egingo dute itun horri buruzko bozketa Erresuma Batuko Parlamentuan. Oposizioko taldeek eta Gobernua sostengatzen duen Ipar Irlandako Alderdi Demokrata Unionistak kontra bozkatuko dute. Alabaina, hainbat diputatu kontserbadorek ere aurkako botoa emango dutela espero da, akordioarekin kritiko direlako.

Komunen Ganberan egin duen agerraldian, Mayk beren erabakia bitan pentsatzeko eta jarrera aldatzeko eskatu die, Bruselak ituna "perfektu" egingo lukeen baldintzarik onartuko ez duela ohartarazita.

Parlamentuan akordioa atzera botaz gero, bi aukera aurreikusten ditu Mayk: Erresuma Batua aldebiko itunik gabe ateratzea Europar Batasunetik edo brexit-a blokeatuta, aplikatu gabe geratzea.

Ipar Irlandako balizko muga ere izan du hizpide, horixe baita akordioaren puntu polemikoena. Muga hori ezartzea ahalbidetuko lukeen mekanismoa ez aplikatzeko Erresuma Batuko Gobernuak eta Europar Batasunak ahal duten guztia egingo dutela agindu du.

"Orain arte atera dituzuen ondorioak albo batean utzita, datozen 24 orduotan akordioa berriro irakurtzeko eskatzen dizuet", esan die diputatuei. "Historiako liburuek epaituko dute Parlamentuak hartzen duen erabakia", erantsi du.

Komunikabide britainiarren arabera, 100 baino gehiago izango dira brexit-aren itunaren kontra bozkatu duten diputatu kontserbadoreak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Erresuma Batua Eguneko albisteak Albisteak Brexita Zer da Brexita Theresa May