Mundua -
ESTATU BATUAK
Mexikoko mugako egoera 'handituz doan' krisia dela ziurtatu du Donald Trumpek
Ez hori bakarrik, estatubatuar guztiak arriskuan jartzen dituela ere adierazi du buruzagiak.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Donald Trump presidente estatubatuarrak bart ziurtatu duenez, Mexikoko mugako egoera "handituz doan krisia da", giza zein segurtasun ikuspegitik. Are gehiago, egoera horrek estatubatuar guztiak arriskuan jartzen dituela azpimarratu du.
"Estatubatuar maiteok, gure hegoaldeko mugan krisi humanitarioa zein segurtasun krisia handituz doalako ari natzaizue hitz egin", esan du Trumpek hiritarrei zuzenduta, audientzia gehieneko tartean, bart telebistan eskaini duen hitzaldian.
Presidentearen hitzaldia amaitutakoan, Chuck Summer Alderdi Demokratak Senatuan duen buruak eta Nancy Pelosi Ordezkarien Ganberako presidenteak (demokrata hau ere) estatuburuari erantzun diote. Besteak beste, administrazioa irekitzea eskatu diote.
Administrazioaren zati bat itxita dago joan den abenduaren 22tik eta ez dirudi epe laburrean konpondu litekeen arazo bat denik. Izan ere, demokratek eta errepublikarrek iritzi kontrajarriak dituzte Mexikoko mugako harresiaren inguruan.
Trumpek Ameriketako Estatu Batuek muga krisia bizi dutela behin eta berriro adierazi badu ere, azkeneko urteetan nabarmen behera egin du mugan atxilotutako migratzaile kopuruak. Datu ofizialen arabera, 2000. urtean 1,6 milioi pertsona atxilotu zituzten AEBra zeharkatzen saiatzen ari zirenean; 2018. urtean, 400.000 baino gutxiago.
Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako presidentea ostegunean joango da Mexikora eta agintariekin batzartuko da, egoera bertatik bertara ezagutzeko. Presidente estatubatuarrak harresia eraikitzeko babesa lortu nahi du. Trumpek Mexikoko mugan hesi bat egitea hitzeman zuen hauteskunde kanpainan, eta hori egitea ezinbesteko ikusten du mugako segurtasuna bermatzeko.