Mundua -
Hegoamerika
Venezuelako Gorenak Maduro deitu du, berriz presidente izendatzeko
Buruzagi chavistak karguaren zina Asanblada Nazionalaren aurrean ez duela egingo azaldu du Goreneko presidenteak, erakunde hori oposizioak kontrolatzen duelako.
Agentziak | Erredakzioa
Berriro presidente izendatzeko, Nicolas Maduro estatuburua datorren ostegunerako deitu du Venezuelako Auzitegi Gorenak, azken hauteskundeetan garaipena erdietsi ondoren.
Nahiz eta Konstituzioak horrela aurreikusi, buruzagi chavistak karguaren zina Asanblada Nazionalaren (Parlamentua) aurrean ez duela egingo azaldu du gaur Maikel Moreno Goreneko presidenteak, erakunde hori oposizioak kontrolatzen duelako.
“2019-2025 eperako Venezuelako Errepublikaren presidente konstituzional bezala zina egiteko” urtarrilaren 10erako deitu dute magistratuek Maduro, Morenok Telesur telebistan iragarri duenez.
2016ko hasieran oposizioak gehiengoa lortu zuen Asanblada Nazionalean, aste batzuk beranduago Ganbera “auzi-ihesean” zegoela ebatzi zuen Gorenak, eta orduz geroztik Madurok ez du diputatuen aurrean azalpenik eman behar. Bien bitartean, gainerako botere publikoek ez dituzte legegilearen erabakiak kontuan hartzen.
“Nicolas Maduro herritarrak, jarduneko eta presidente hautetsiak, zina Parlamentu nazionalaren aurrean egitea eragozten du” egoerak, adierazi du gaur Morenok.
Iragan maiatzean, Madurok bozen % 70 eskuratu zituen hauteskundeetan. Oposizioak parte hartzeari uko egin zion, bidezko lehia garden bat izateko baldintzarik ez zegoela iritzita. Argudioen artean, oposizioko buruzagi nagusien inhabilitazio politikoa aipatu zuten.
Ostegunetik aurrera Madurori legitimotasuna aitortuko ez diola esan du Parlamentuak. Salatu duenez, herriko lehen magistratura “usurpatuko” du buruzagi chavistak.