Mundua -
Venezuela
Maduro botatzeko plan kolpista bat izatea leporatu die Venezuelak Estatu Batuei
Ekintza bortitzen bidez eta eskualdeko gobernuak erabilita Venezuelako presidentea boteretik botatzen saiatzea leporatu dio Trumpen gobernuari.
Agentziak | Erredakzioa
Venezuelako Gobernuak berriz leporatu die Ameriketako Estatu Batuei Nicolas Maduro presidentea indarkeriazko ekintzen bitartez boteretik kentzeko plan bat izatea.
Adierazpen ofizial batean, iraultza bolivartarrak "berriz ere nazioartearen aurrean" salatu du "Ameriketako Estatu Batuetako Gobernuaren saiakera Nicolas Maduroren gobernu konstituzional eta demokratikoaren aurka estatu-kolpe bat egiteko".
Jorge Arreaza kantzilerrak sare sozialetan zabaldutako komunikatuan, Washingtonek "Estatu venezuelarraren erakunde legitimo eta demokratikoak" ez onartzea kritikatu dute.
"Azken egunetan, AEBko Gobernuko bozeramaileek aurkako zenbait ekintza eragin dituzte egia manipulatzen duten gezurreko usteen bitartez, Venezuelako erakundeen egonkortasuna eta bakea hausteko asmoz", adierazpenaren arabera.
Maduroren Exekutiboak zalantzan jarri du Ameriketako Estatu Batuek "Venezuelako botere publikoaren zenbait erakunderi baino ez ematea balioa"; oposizioak kontrolpean duen Parlamentua onartzen dute, baina Gobernua eta gertuko beste botereak kritikatzen dituzte.
Venezuelak esaten duenez, Ameriketako Estatu Batuek "eskualdeko mendeko gobernuak zaintzen dituzte, eta venezuelarren aurkako jazarpena eta blokeoa sakontzeko agindua ematen die", Limako Taldea osatzen duten Latinoamerikako hamalau herrialdeen adierazpenari erreferentzia eginez.
Aurreko astean, Madurori urtarrilaren 10ean kargua ez hartzeko eskatu zioten herrialde horiek. Ez dute Maduroren gobernua onartuko, oposizioko taldeek parte hartu ez zuten eta iruzurtzat hartzen dituzten hauteskundeetan irabazteagatik.
Venezuelaren arabera, 2002tik Ameriketako Estatu Batuek herrialdeko "Konstituzioaren eta legearen kontrako ekintza biolentoak sustatzen, laguntzen eta finantzatzen ditu, baliabide energetiko eta mineralen kontrola berreskuratzea ahalbidetuko dien botere aldaketa bat indarrez eragiteko".