Mundua -
Migrazioa
AEB eta Mexiko arteko mugan atxilotutako beste ume migratzaile bat hil da
Zortzi urteko haur horren heriotzarekin bi dira dagoeneko, AEBren esku egonda, mugan hildako haurrak. Guatemalak gertatutakoaren gaineko ikerketa "argia" eskatu du.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
AEBko agintariek baieztatu dute zortzi urteko Guatemalako ume bat hil dela, Mexikoko mugan atxilotu ostean. Horrekin, beraz, bi dira AEBko indar polizialen esku egonda, mugan hildako haurrak.
Aduanen eta Mugen Babeserako Bulegoak zehaztu duenez, astearte gauerdian hil zen umea, eta "gaixo egotearen zantzuak" zituen.
Horregatik, Alamogordoko (Mexiko Berria) ospitalera eraman zuten, aitarekin batera. Han, hotzeria eta sukarra diagnostikatu eta amoxizilina eta ibuprofenoa eman zizkioten.
Jarraian, alta eman zioten, baina handik gutxira ospitaleratu egin zuten berriro, goragalea eta gonbitoak zituelako. Ordu batzuk geroago, ospitalean bertan hil zen, CBS telebista kate estatubatuarrak argitu duenaren arabera.
Aduanen eta Mugen Babeserako Bulegoak, baina, ez ditu haurraren eta aitaren izen-abizenak eman.
Esan bezala, abenduaren hasieran beste umetxo bat zendu zen: Jackelin Caal, zazpi urteko haur guatemalarra. AEBko agenteek aitarekin batera atxilotu zuten Caal, muga zeharkatzen zeudela.
Horri erantzunez, Guatemalako Kanpo Atzerrietako Ministerioak gertatutakoaren gaineko ikerketa eta sendagileen datu basera sartzeko baimena eskatu du. Gainera, nabarmendu du kontsulatuak hartu duela aita artatzeko eta haurraren gorpua Guatemalara eramateko ardura.