Mundua -
migratzaileen karabana
AEBn asiloa eskatzeko baldintzak gogortu ditu Trumpek, migratzaileak iristear daudela
Aginduaren arabera, gutxienez 90 egunez egongo da indarrean hegoaldeko sarbidea legez kanpo zeharkatzen duten migratzaileei AEBra sartzeko debekua.
Agentziak | Erredakzioa
Amerikako Estatu Batuetara iristear dauden migratzaileei asiloa eskatzeko baldintzak gogortzeko agindua eman du ostiral honetan Donald Trump AEBko presidenteak. Hala, herrialdera sartzear dauden migratzaileei onartuak izateko aukerak mugatuko dizkiete.
“Asiloaren inguruko neurri berri bat sinatu berri dugu. Oso garrantzitsua da. Migratzaileak AEBra etor daitezke, baina soilik araututako sarbide jakin batzuetatik sartzen direnek izango dute herrialdean onartuak izateko aukera”, erantzun du Trumpek, Frantziara joan aurretik kazetarien aurrean egindako agerraldian.
Ostiral honetan bertan onartutako aginduaren arabera, gutxienez 90 egunez egongo da indarrean hegoaldeko sarbidea legez kanpo zeharkatzen duten migratzaileei AEBra sartzeko debekua. Gauzak horrela, presidenteak emandako agindu bat urratu duten pertsonei asiloa eskatzeko baldintzak nabarmen gogortuko ditu AEBko Gobernuak.
Trumpek hiru aste daramatza jada esanez Erdialdeko Amerikatik AEBra bidean doan migratzaileen karabanari asilo eskaerak mugatuko dizkiola. Gainera, Mexikoko mugan dauden soldaduei “harriak” jaurtiz gero, horiek tiroz erantzuteko aukera izango zutela ohartarazi zuen.
AEBko presidenteak berretsi duenez, asiloa eskuratu nahi duten migratzaileak gune jakin batean aurkeztu beharko dira, izan ere, araudia errespetatu gabe eta legez kontra herrialdean sartzea erabakitzen dutenek ez dute inolako aukerarik izango onartuak izateko.
Trumpek azaldu duenez, debekua 90 egunez egongo da indarrean. Alabaina, Mexikoko Gobernuarekin muga legez kanpo zeharkatzen duten migratzaileak zuzenean deportatzeko akordioa itxi ezean, AEBko Gobernuak onartutako debeku hori luzatzeko aukera aztertuko dutela agerian utzi du Trumpek.
Dena dela, araudi berriak ez du atzeraeginezko izaerarik izango. Horiek horrela, hemendik aurrera legez kanpo sartzen direnei eragingo die bakarrik neurria.
Baliteke datozen egunetan zenbait erakundek neurri hori ahalik eta denbora gehien atzeratzen saiatzea, epaitegietan salaketak jarriz. Izan ere, AEBko araudiak dio herrialdera iristen den pertsona orok egin dezakeela asilo eskaera.