Mundua -

HAUTESKUNDEAK AEB-n

Demokratek Ordezkarien Ganberan gehiengoa lortu dute; errepublikanoek, Senatuan

Emaitza hauekin, Donald Trump presidentearen egitasmo asko geldiarazteko aukera izango du Alderdi Demokratak.

Hiritar bat, hauteskunde legegileen emaitzak ikusten. Argazkia: EFE
Demokratek Ordezkarien Ganberaren kontrola berreskuratu dute

1:34

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ameriketako Estatu Batuetan, agintaldi erdiko hauteskundeak edo "midterm" delakoak ospatu dituzte bart. 36 gobernadore ez ezik, Ordezkarien Ganberako kide guztiak eta senatarien herenak aukeratu dituzte. Kontaketa amaitu ez bada ere, Alderdi Errepublikanoak Ordezkarien Ganberaren kontrola galdu du, baina Senatuan zuen gehiengoa handitu du. Beraz, botere politikoa guztiz zatituta gelditu da. Emaitza hauekin, Alderdi Demokratak Donald Trump presidente errepublikanoaren egitasmoak geldiarazteko aukera izango du.

Demokratek Trumpen kontrako kargugabetze prozesua (impeachment) hasten ez badute ere, beheko ganberako kontrol batzordeen kontrola izan, legeak bultzatu eta ikerketa prozesuak abiatzeko aukera izango dute. Nolabait, Donald Trumpen egitasmoei galga jarri ahal izango diote.

Boto kontaketa oraindik amaitu ez bada ere, Alderdi Demokratak Ordezkarien Ganberan gehiengoa izateko beharrezkoak diren 218 ordezkariak lortu ditu. Kontaketaren arabera, errepublikanoek 193 dituzte.

Lehendabiziko emaitzak jakin orduko, Donald Trump pozik agertu da bere Twitter kontuan argitaratutako txioan: "Arrakasta itzela. Eskerrik asko guztioi!".

 

 

Nancy Pelosi Alderdi Demokratak Ordezkarien Ganberan duen buruzagiak ziurtatu duenez, aro berri bat zabalduko da bihartik aurrera. "Nahikoa zatiketa izan dugu. Herriak bakea eta emaitzak nahi ditu", berretsi du. Donald Trumpek Nancy Pelosiri deitu dio, Ordezkarien Ganberan lortutako garaipenarengatik zoriontzeko.

Kongresua inoiz baino pluralagoa izango da: emakume gehiago eta arraza gehiago.

Alexandra Ocasio-Cortez, 29 urtekoa, izango da AEBren historiako kongresuko kiderik gazteena. Rashida Tlaib eta Ilhan Omar emakume musulmanek ere beren aulkia ziurtatu dute Ordezkarien Ganberan. Deb Haaland eta Sharice Davids emakume indigenek ere historia egin dute, izan ere, hori lortzen duten lehenak izan dira.

Ordezkarien Ganberako kide guztiak eta senatarien herenak aukeratzeaz gain, 36 gobernadore ere hautatu dituzte. Horien artean dago, hain zuzen ere, Jared Polis Coloradoko gobernadorea, lehen gobernadore homosexuala.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak Ameriketako Estatu Batuak albisteak Hauteskundeak AEB bideoak Eguneko albisteak Gaurko azken orduko albistea Trump gaur Hauteskundeak