Mundua -
Migrazioa
AEBko soldaduek ez dutela migratzaileen kontra tiro egingo esan du Trumpek
Estatu Batuetako presidenteak aurretik egindako adierazpenak zuzendu ditu. Ostegunean, Erdialdeko Amerikako migratzaileen kontra tiro egiteko baimena eman zien militarrei.
Agentziak | Erredakzioa
Donald Trumpek zehaztu duenez, Mexikoko mugan dauden segurtasun indarrek ez dute Estatu Batuetara doazen Erdialdeko Amerikako migratzaileen kontra tiro egingo, osteguneko adierazpenak zuzenduta.
Estatu Batuetako presidenteak muga igarotzen saiatutako migratzaileei tiro egiteko baimena eman zien uniformedunei. "Gure agenteen aurka harriak bota nahi badituzte, gure agenteek erantzun egingo dute”, esan zuen. "Armak erabiltzeko aukera kontuan hartzea esan diet", gehitu zuen.
Hala ere, Guatemala eta Mexikoren arteko mugan ikusitakoak bezain eszena dramatikoak saihestu nahi dituela esan zuen. Bertan, migratzaileek harriak eta makilak jaurti zizkioten Mexikoko Poliziari, aurrea egiten saiatzeko. "Espero dut behar ez izatea", esan zuen.
Horri buruz berriz galdetuta, adierazpenak zuzendu ditu Trumpek. "Ez, ez dute tiro egingo", esan du. "Mexikoko militarrei egin zietena lotsagabekeria izan zen. Harriak bota zizkieten, eta batzuk zauritu zituzten. Gurekin egiten badute, atxilotuak izango dira. Arazoak egongo dira", esan du.
Mexiko eta Estatu Batuen arteko mugara 5.000 militar baino gehiago bidali ditu Trumpek, eta 15.000 ere izan litekeela ohartarazi du.
NBEren erantzuna
Joel Millmanek, Migrazioetarako Nazioarteko Erakundearen bozeramaileak, ezohiko mezua igorri dio Trumpi: "Militarizatutako mugek ez diete igaro nahi dituztenei asmoa kentzen".
Gainera, Millmanek "inbasio" hitza ez erabiltzea eskatu du, karabana aurrekoak baino jendetsua bada ere, "ez delako gertaera berria". "Azken hamar urteetan izan dira", esan du, Erdialdeko Amerikatik Estatu Batuetarainoko mugimendu migratzaileez.
Bestalde, Babar Balochek, Nazio Batuen Errefuxiatu Agentziaren bozeramaileak, "gauza hauek politikatik aldentzeko" deia egin du.
Asteartean hauteskunde parlamentarioak egingo dituzte Estatu Batuetan. Errepublikanoek Kongresuko gehiengoa dute jokoan.