Mundua -
GERRA KOMERTZIALA
AEBk 200.000 milioi dolarreko muga-zergak ezarriko dizkie Txinako produktuei
% 10eko muga-zerga berriak irailaren 24an sartuko dira indarrean. Donald Trump presidenteak iragarri duenez, ordea, datorren urtetik aurrera % 25era igoko dira.
AGENTZIA | ERREDAKZIOA
Ameriketako Estatu Batuetako Gobernuak Txinako produktuei ezarritako muga-zergak areagotzea erabaki du. Gerra komertzialaren baitan, Txinatik AEBra sartzen dituzten 6.000 produkturi % 10eko muga-zerga ezarriko diete irailaren 24tik aurrera (200.000 milioi dolarreko balioa izango dute guztira).
Donald Trump presidenteak eman du agindua, Etxe Zuriak ohar baten bidez iragarri duenez.
Datorren urtetik aurrera, muga-zerga horiek % 25era igoko ditu, eta, errepresaliarik izatekotan, hirugarren fase bat abiatuko duela ohartarazi du Trumpek (267.000 milioi dolarreko balioa izango duten muga-zergak).
Datorren astean, bi herrialdeen arteko harreman komertzialei buruzko bilera egitekoak ziren Washingtonen, asteburuan The Wall Street Journal egunkariak aurreratu duenez.
Txinak gaur bertan erantzun dio AEBri, eta errepresaliak iragarri ditu. Merkataritza Ministerioak ohartarazi duenez, neurri baliokideak hartuko ditu, gehiago zehaztu gabe. Aldi berean, "garaiz" atzera egiteko eskatu dio Donald Trumpi.