Mundua -

MACRIREN GOBERNUA

Nazioarteko Diru Funtsari eskatutako aurrerapena irailean izatea espero du Argentinak

Argentinako Ogasun ministroak ez du zehaztu ekainean Nazioarteko Diru Funtsari eskatutako 50.000 milioi dolar horietatik zenbat jasoko duten orain.

Argentinako Ogasun ministroa eta Nazioarteko Diru Funtseko burua. Argazkia: EFE
Argentinako Ogasun ministroa eta Nazioarteko Diru Funtseko burua. Argazkia: EFE
Argentinako Ogasun ministroa eta Nazioarteko Diru Funtseko burua. Argazkia: EFE

AGENTZIAK

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Argentinan, Mauricio Macriren Gobernua Nazioarteko Diru Funtsarekin negoziatzen ari da, ekainean eskatutako 50.000 milioi dolarreko aurrerapena lortu ahal izateko. Christine Lagarde Nazioarteko Diru Funtseko (NDF) buruak eta Nicolas Dujovne Argentinako Ogasun ministroak bilera egin dute astearte honetan Washingtonen, eta aurrerapausoak eman dituztela azaldu dute bi aldeek bileraren amaieran. Erreskatearen aurrerapena irailaren amaieran jasoko dutela uste du Ogasun ministroak, baina ez du zehaztu eskatutako 50.000 milioi dolar horietatik zenbat jasoko duten orain.

"(Akordioa) Nazioarteko Diru Funtsaren zuzendaritzak irailaren bigarren hamabostaldian egingo duen bileran bozkatzea nahi dugu, eta aurretik akordio tekniko bat lortu behar dugu hori posible izan dadin", adierazi du Nicolas Dujovnek batzarra amaitu ostean.

Ogasun ministroak ez du zehaztu erreskatearen aurrerapena zenbatekoa izango den. Ekainean Argentinak Nazioarteko Diru Funtsari 50.000 milioi dolar eskatu zizkionean, 15.000 milioi soilik erabiliko zituela iragarri zuen.

Bestalde, Mauricio Macri presidenteak iragarritako murrizketak defendatu ditu, baina "pazientzia" eskatu du neurriek eragina izan dezaten. Aste honetan, Macriren Gobernuak hainbat doikuntza neurri iragarri ditu; besteak beste, ministerio kopurua 19tik 10era murriztea eta esportazioen gaineko zerga igotzea.

Gobernuaren murrizketa neurriek, ordea, ez dute gaur-gaurkoz diru merkatuak baretzeko balio izan, eta pesoak balioa galtzen jarraitzen du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioarteko albisteak NDF berriak Eguneko albisteak Eguneko albisteak Latinoamerikako azken ordukoa Buenos Airesko albisteak