Mundua -
Krisi ekonomikoa
Ziurgabetasun ekonomikoa nagusi da Argentinan, pesoaren debaluazioa dela eta
Macriren gobernuak dio krisi ekonomikoa atzean uzteko irtenbide bakarra defizit fiskalarekin amaitzea dela. Argentinako Banku Zentralak interes tasak % 60ra igotzea erabaki du azken orduetan.
Agentziak | Erredakzioa
Argentinako Banku Zentralak interes tasak % 60ra igotzea erabaki du azken orduetan, pesoaren debaluazioari aurre egiteko asmoz. Izan ere, dolarrarekin alderatuta bere balioaren % 102 galdu du urte hasieratik, eta euroarekin alderatuta % 96.
Herrialdeak bizi duen egoera ekonomiko zailaren aurrean, argentinarrei normaltasuna helarazten saiatu da Argentinako Gobernua. Dena dela, orain arte hartutako neurriek badirudi ez dutela ezer aldatu, eta kalean gero eta ugariagoak dira gobernuaren aurkako protestak, izan ere, dibisaren inflazioaren eraginez herritarrak ziurgabetasun egoeran bizi dira.
Apirilean Amerikako Estatu Batuak (AEB) interes tasak igo zituenetik okertuz joan da Argentinako egoera ekonomikoa. Neurri horrek ondorio zuzenak eragin ditu suspertzen ari diren herrialdeetan, eta Argentinak kanpoko inbertitzaileekiko menpekotasun handia duenez, diru galera handiak izan ditu.
Horrez gain, lehorte handiak, petrolioaren prezioak munduan izan duen gorakadak eta duela gutxi aireratutako ustelkeria kasuek -bereziki aurreko gobernuko enpresariekin eta gobernukideekin lotuta- eragin zuzena izan dute pesoaren debaluazioan.
Urtarriletik martxora bitartean Argentinako ekonomia susperraldian zegoen.
"Ez dugu uste porrot ekonomikoan gaudenik, ezta gutxiagorik ere. Argentina indartuta irtengo da prozesu honetatik, eta ekonomiak bizi duen egoera aldatzeko gure esku ditugun neurri guztiak hartuko ditugu", esan du Marcos Peña ministroen kabineteko buruak.
Ildo horretatik, krisi ekonomikoa atzean uzteko "konponbide magikorik" ez dagoela esan du Peñak, eta Macriren gobernuak hartu dituen erabakiak indarrean jarri ditu. Halaber, uko egin dio herrialdeak zorraren kita berri bati aurre egin behar izatea, eta Argentinako Gobernuak ez diola zorra ordaintzeari utziko ziurtatu du.
Macriren gobernuak dio krisi ekonomikoa atzean uzteko irtenbide bakarra defizit fiskalarekin amaitzea dela. Izan ere, defizita nabarmen pilatu da azken zazpi hamarkadetan, bereziki Cristina Fernandezen agintaldian (2007-2015).
"Zailtasunak bizi ditugun une hauetan, ardura politikoa dugunok ziurtasunez eta neurriz jardun behar dugu, herritarrei konfiantza helarazi ahal izateko", azpimarratu du Rogelio Frigerio Barne ministroak.
Bestalde, sektore publikoan soldatak negoziatzeari uko egin dio Macrik, Nazioarteko Diru Funtsarekin (NDF) sinatutako akordioa bete ahal izateko. Izan ere, maileguan dirutza utziz gero herrialdeari ezarritako defizit helburuak beteko zituela ziurtatu zuen Argentinako Gobernuak.
Halaber, Nazioarteko Diru Funtsarekin adostutako 50.000 milioi dolarreko maileguaren zati bat aurreratu egingo dutela iragarri zuen Macrik joan den asteazkenean. Mailegu horretatik 15.000 milioi dolar jaso zituen Macriren gobernuak ekainean.
Datorren urtera begira, finantziazioa bermatu eta "ziurgabetasuna alde batera utzi" nahi du Argentinako Gobernuak.