Mundua -
Migrazioa
Brasilek Armada bidaliko du Venezuelarekin duen mugara, segurtasuna bermatzeko
Dekretua asteazken honetatik, abuztuaren 29tik, irailaren 12ra bitartean egongo da indarrean, Michel Temer Brasilgo presidenteak sinatutako dokumentuaren arabera.
Agentzia | Erredakzioa
Michel Temer Brasilgo presidenteak Armada erabiltzea baimendu du asteazken honetan, Roraima estatuan, Venezuelarekin duen mugan, segurtasuna bermatzeko, azken hilabeteotan milaka migratzaile venezuelar iritsi ostean.
Indar Armatuak Roraiman daude jada, "Harrera Operazioa" izenekoan laguntzen. Ekimenak izaera humanitarioa du, herrialdeak egun duen krisi politiko, ekonomiko eta sozialetik ihes egitea eta Brasilen bizitza berreraikitzea erabakitzen duten venezuelarrak artatzeko.
Halere, mandatariak dekretu bat sinatu du gaur, Roraiman segurtasunarekin zerikusia duten operazioetan Armadak jarduteko baldintzak bermatzeko. Roraima Brasilgo estatu txiroenetarikoa da, eta venezuelarren exodoaren ondorioz gainezka egin du, eskualdeko agintarien arabera.
Dekretua asteazken honetatik, abuztuaren 29tik, irailaren 12ra bitartean egongo da indarrean, Michel Temer Brasilgo presidenteak sinatutako dokumentuaren arabera. 2019ko urtarrilaren 1ean amaituko zaio agintaldia, eta urriko hauteskundeetako garailearen eskuetan utzi beharko du orduan agintea.