Mundua -
HERIOTZA
Kofi Annan, NBEn idazkari nagusi ohi eta Bakearen Nobel sariduna, hil da
2011n Aieteko Agiria sinatu zuen nazioarteko delegazioaren buru izan zen. Haren ostean iritsi zen ETAk bere jarduera armatua behin betiko uzten zuenaren iragarpena.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Kofi Annan, Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusi ohi izandakoa eta 2001ean Bakearen Nobel Saria jaso zuena, hil da gaur, 2018ko abuztuaren 18an, 80 urte zituela.
Albistea familiak eman du jakitera Annan beraren Twitter kontu ofiziala erabiliz. Suitzako ospitale batean hil da, duela gutxi antzemandako gaixotasun baten kontrako tratamendua jaso ostean.
Gaixotasuneran inguruko xehetasun gehiago ez du eman nahi izan familiak eta "pribatutasuna" eskatu dute "dolu garai honetan".
"Saminez, Annan sendiak eta Kofi Annan Fundaziok iragarri nahi dugu Koffi Annan, NBEen idazkari nagusia izandakoa eta Bakearen Nobel sariduna bakean joan dela abuztuaren 18 honetan, gaixotasun motz baten ondoren" idatzi dute mezuan. "Bere emazte Nane eta bere seme-alaba Kojo, Ama eta Nina, ondoan izan zituen azken bere egunetan " gaineratu dute.
Lanean azken egunetara arte Annan jardunean aritu zen bere azken egunera arte. Uztailean bertan Zimbabwen izan zen hauteskunde-prozesua ikuskatzen, Nelson Mandelak sortu zuen The Elders Gobernuz Kanpoko Erakundearekin.
Ghanan jaiotako gizona, 1962an sartu zen Nazio Bauen Erakundean eta 1997an idazkari nagusi izendatu zuten. Karguan egon zen 2006ra arte. Nazioarteko erakunde hau zuzendu zuen garaian erakundea bera eraldatzea, Afrikaren garapena bultzatzea eta Hiesaren kontrako borroka indartzea izan ziren bere egiteko nagusiak.
2001ean Bakearen Nobel saria jaso zuen, NBEn erakundearekin batera, "hobeto antolatutako mundu baketsuago baten alde egindako lanagatik".
Aieteko konferentzian
Euskal gatazkaren konponbidean ere paper garrantzitsua jokatu zuen Kofi Annanek. Bera izan zen 2011n, Donostian, Aieteko Agiria babesteko hemen izan ziren nazioarteko sei buruzagietako bat. Ekitaldi horren ostean etorri zen ETAk bere jarduera armatua behin betiko uzten zuenaren iragarpena.
Kofi Annanekin batera, Gerry Adams, Bertie Ahern, Jonathan Powell, Gro Harmel Brundtland eta Pierre Joxe izan ziren Aieten.
Foro Sozial Iraunkorrak prentsa ohar batean adierazi duenez, Kofi Annanek “Euskal Herriak egin duen bakearen bidea” erraztu du. “Herrialde honek Kofi Annani eta orain arte bidelagun izan ditugunei aitorpena sor die”, adierazi du kolektiboak.