Mundua -
Ezbeharra Morandi zubian
Italiako Gobernuak kontzesioa kenduko dio Autostraderi, zubia behera erorita
Gainera, Garraiobideen ministroak autobidea kudeatzen duen enpresako zuzendaritzak dimisioa ematea eskatu du. 38 dira jada ezbeharrean hildakoak.
agentziak
Giuseppe Conte Italiako lehen ministroak jakitera eman duenez, herrialdeko Gobernuak prozedura administratiboa abiatuko du, xede izanik Autostrade per l’Italiari A10 autobidearen eta Morandi zubiaren kontzesioa kentzea; astearte honetan, behera erori zen zubia, Genovan.
Exekutiboak Ministroen Kontseilu ezohikoa egin du Genovan, "hondamendia" aztertzeko; ezbeharrean, azken balantzearen arabera, gutxienez 38 lagun hil ziren. Ministro batzuek mehatxatuta zutenez, Contek baieztatu du amaiera emango zaiola kontzesioari, eta erakundeak askoz ere zorrotzagoak izango direla, etorkizunean, baimenekin.
"Ez dugu itxaroterik Justiziak zerbait esan arte", adierazi du lehen ministroak; gogorarazi du beharrezkoa dela "segurtasunez bidaiatu ahal izatea", eta Autostradek A10 autobideko zati guztiak zaindu behar dituela, tokiko hainbat komunikabideren arabera.
Kritika ugari, Autostraderentzat
Danilo Toninelli Italiako Garraiobide ministroak Autostrade per l'Italia A10 autobidea kudeatzen duen enpresako zuzendaritzak dimisioa ematea eskatu du. Matteo Salvini Barne ministroak emandako azken datuen arabera, 38 dira jada zubibidearen erorketan hildakoak, horietatik hiru umeak ziren, 8, 12 eta 13 urtekoak. Gainera, 16 zauritu daude, horietatik 12 egoera kritikoan. Erreskate lanek oraindik diraute eta larrialdi zerbitzuetako 1.000 kide inguru parte hartzen ari dira.
"Ezer baino lehen Autostrade per l'Italiako Zuzendaritzako kideek dimisioa eman behar dute", esan du Toninellik Facebooken plazaratutako mezu baten bidez. Gainera, "amorrua" adierazi du "herrialde zibilizatu batean ezin liteke inor hil zubi bat erori delako".
Ministroak (5 Izar Mugimenduko kidea) azpimarratu duenez, "justifikaziorik gabeko ezbehar honen erantzuleek zigorra jaso behar dute". Ondoren, ministroak Italiako autobideak kudeatzen dituzten enpresen aurka egin du, guk "Europako bidesaririk garestienak ordaindu eta haiek prezio lotsagarriak ordaintzen dituzte esleipenen truke".
"Milaka milioi biltzen dituzte, zergatan gutxi batzuk ordaindu, eta ez dute ezta beharrezkoak liratekeen mantentze lanak egiten zubi eta ardatzetan". "Esleipenak kentzeko eta 150 milioirainoko isunak ezartzeko" prozedurak abiarazi dituela erantsi du ministroak.
"Ez badira gure autobideak kudeatzeko gauza, Estatuak egingo du", ziurtatu du Toninellik. Gainera, iragarri duenez, koalizioaren Gobernuak "benetako Plan Marshall" bat prestatuko du azpiegiturak indartzeko, horietako asko '60 eta '70ko hamarkadetan eraiki baitziren.
Bestalde, Matteo Salvini lehen ministrorde eta Ligako buruzagiaren esanetan, "esleipenak kentzea da espero den gutxieneko neurria", gertatutakoaren ostean. "Norbaitek ez zuen egin behar zuena", azpimarratu eta salatu du Italiako autopista garestienetakoa dela.
Halaber, Skay telebistan egindako adierazpenen arabera, "Gobernuak herrialdeko lan publiko guztiak aztertu eta kontrolatzeko beharra dauka", baita enpresa pribatuen esku daudenak ere.
Azpiegituren inguruko kezka
Edoardo Rixi azpiegituren ministro ordeak iragarri duenez, "Morandi zubia guztiz eraitsiko dute, eta honek, ondorio eta arazo larriak ekarriko ditu trafikoari eta herritarrei dagokionean”. Hala ere, beste aukera batzuk ere aztertzen dabiltzala adierazi du.
Azpiegiturak kilometro bateko luzera eta 90 metroko altuera du, eta 70. Hamarkadan eraiki zen. Azken urteetan eraberritu omen zuten, eta egun, Autoestrade per l'Italia enpresa da mentenu lan horien ardura duena.