Mundua -

Italia

Genovako bilaketa-lanak bertan behera, zubia berriro erortzeko beldurragatik

Azken datuen arabera, 38 pertsona hil eta 16 zauritu dira, horietatik 12 larri. Gobernu italiarrak Genovako zubiaren mantenuaren arduradunen dimisioa eskatu du.

Genovako zubia guztiz susntsituta. Argazkia: EFE
Genovako zubia guztiz susntsituta. Argazkia: EFE
Hainbat lagunek desagertuta jarraitzen dute oraindik

1:18

AGENTZIAK

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

38 pertsona hil dira, horien artean, hiru ume, astearte honetan Genovako hirigunearen gaineko zubi bateko zati bat behera erori ostean. Suhiltzaileek gau osoan zehar aritu dira lanean.

Italiako hedabideen hitzetan, hildakoen artean 8, 12 eta 13 urteko umeak daude. Hildakoen artean, Frantziako hainbat herritar daude (4), bai eta Albaniakoak (2), Kolonbiako bat, Peruko beste bat, eta Txilekoak (2) ere. Gainera, behinik behin, 16 pertsona zauritu dira; horietatik 12 larri.

Erreskate lanek gau osoan zehar egin dute aurrera, eta inguruko herrialdeetatik etorritako langileak, suhiltzaileak eta segurtasun taldeko kideak aritu dira bertan.

Bilaketa-lanak, bertan behera

Bilaketa-lanak bertan behera utzi dituzte oraingoz asteazken honetan, oraindik zutik jarraitzen duen pilareetako bat erortzeko beldurragatik, Italiako hedabideen arabera.

Suhiltzaileek esan dute zubiko pilareetako bat, hainbat etxebizitzen artean finkatzen dena, okertzen ari dela dirudiela, eta erori egin daitekeela, asteartean pasatu zen moduan; beraz, ikerketa bat egingo dute, egoera aztertzeko.

Lanak bertan behera uzteko erabakia etxebizitzetan bizi diren pertsonak haien etxetara ondasunen bila sartu ezingo zutela ohartarazi ostean hartu dute erabakia.

Guztira, 630 pertsona baino gehiago izan dira gertatutakoagatik kaltetuak, eta horieko askok haien kontutik hartu behar izan dute lo egiteko lekua. Halaber, gutxienez 11 eraikin ebakuatu behar izan dituzte.

Larrialdi-egoera, hamabi hilabetez

Italiako Gobernuak larrialdi-egoera ezarriko du, hamabi hilabetez, Genovako eskualdean; Giuseppe Conte lehen ministroak eman du jakitera hori, Ministroen Kontseiluaren ezohiko bilera amaituta. Exekutiboak Genovan bertan egin du bilera; Bost Izarren Mugimendua eta Liga ultraeskuindarra daude Kontseilu horretan.

Gobernuak, halaber, erabaki du bost milioi euro erabiliko dituela, hasteko, "premiazko lehen esku-hartzeei erantzuna emateko"; gerora, kopuru hori handiagoa izango da, une honetan lehentasunik ez duten hainbat konturako, Conteren esanetan.

Morandi zubiaren erdigunea Polvecera eta Genova hirien artean kokatuta dago eta A10-ak gurutzatzen du. Astearte honetako eguerdi aldean erori zen, oraindik ere, argitu gabe dauden arrazoiengatik. Badirudi, ordea, egituren akatsen batean legokeela gakoa.

Segurtasun zibileko zuzendaria den Luigi D'Angelon esanetan, ezbeharra gerattu zeneko unean 30 eta 35 ibilgailu inguru zeuden zubian. Gainera, bertan zeuden gidari eta bidaiariez gain, inguruan zeuden hainbat eraikin ere erabat suntsituta gelditu dira.

Ikerketa

Gobernu italiarrak Atlantiaren filiala den Autoestrade per l'Italia kontzesionarioaren zuzendarien dimisioa eskatu du, beraiek omen baitira Genovako zubiaren mantenuaren arduradunak.

Genovako fiskalen buru den Francesco Gozzik iragarri duenez, ikerketa bat irekiko du "homizidio anizkuna eta hondamendi zuhurtziagabe" honen arduradunak bilatzeko.

Sergio Mattarella presidente italiarrak "zentzugabe eta beldurgarri" gisa definitu du Genovako ezbeharra eta autoritateak euren arduretatik aldendu ezingo direla ohartarazi du. “Gizarteak erantzun eta erantzule bat behar du”, gaineratu du oharrean.

Bestalde, Salvinin hitzetan "ehundaka aldiz gurutzatu du zubi hori, eta orain, herritar gisa, neure eskuetan dagoen guztia egingo dut ezbehar honen arduradunei izen eta abizenak jartzeko, bai lehengoak baita oraingoak ere. Onartezina da Italian jendea horrela hiltzea". "Gogor ordainduko dute", argitaratu du Salvinik Twitterren.

 

Azpiegituren inguruko kezka

Edoardo Rixi azpiegituren ministro ordeak iragarri duenez, "Morandi zubia guztiz eraitsiko dute, eta honek, ondorio eta arazo larriak ekarriko ditu trafikoari eta herritarrei dagokionean”. Hala ere, beste aukera batzuk ere aztertzen dabiltzala adierazi du.

Azpiegiturak kilometro bateko luzera eta 90 metroko altuera du, eta 70. Hamarkadan eraiki zen. Azken urteetan eraberritu omen zuten, eta egun, Autoestrade per l'Italia enpresa da mentenu lan horien ardura duena.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Eguneko albisteak Albisteak Italia