Mundua -
Goi bilera Bruselan
Gastu militarra % 4ra igotzeko presio egin die Trumpek NATOko kideei
AEBko buruzagiak Alemania eduki du batez ere jomugan. NATOko idazkari nagusiak gogorarazi dio 2024rako euren helburua % 2koa dela.
Agentziak
Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) presidenteak kritika, gaitzespen eta eskaerez bete du Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeak (NATO) Bruselan egiten ari den goi bileraren lehen eguna. Kideei euren Barne Produktu Gordinaren (BPG) % 4 gastu militarrera bidera ditzaten eskatu die, eta harago jota, adierazpen gogorrak egin ditu % 2ra heltzen ez diren aliatuen kontra, batez ere Alemaniaren aurka. "Berankorrak" izatea egotzi die.
Trumpen hitzetan, Alemaniak BPGaren % 1 baino gutxiago bideratzen du gastu militarrera; AEBk, aldiz, % 3,57 gastatu dute, Erakundeak emandako datuen arabera.
Kritikok entzun bai, baina asaldatu gabe eutsi diote aliatuek. Jens Stoltenberg NATOko idazkari nagusiak gogorarazi duenez, 2014an Galeseko bileran 2024ko helburua %2koa da.
Batzarra amaitutakoan, gastua igotzeko eskaerei eta Alemaniaren kontrako kritikei eutsi die Trumpek Twitteren duen kontuan:
"Zein onura du NATOk Alemaniak milioika dolar ordaintzen badizkio Errusiari gasa eta energiaren truke? 29 herrialdeetatik zergatik 5ek bakarrik bete dituzte helburuak? AEB Europaren babesa ordaintzen ari dira, eta gero milioika dolar galtzen ari da merkataritzan. Barne Produktu Gordinaren % 2 ordaindu behar dute, berehala, ez 2025ean", idatzi du bart Aliantzako kideekin afaltzera joan baino lehen. Gaur goizean ere antzeko mezuak bota ditu:
Trumpek egindako proposamenari buruz galdetuta, Jens Stoltenberg NATOko idazkari nagusiak erantzun du helburua % 2koa dela. "Has gaitezen horrekin", erantsi du.
Aliatuen arteko "desadostasunak" egon badaudela aitortu du Stoltenbergek, baina horiek gorabehera, Erakundea "indartsuago" izateko hainbat akordio adostu dituztela iragarri du. "Oraintxe amaitu dugu 29 estatu eta gobernubururekin egindako bilera. Eztabaidak izan dira, desadostasunak daude, baina garrantzitsuena aliantza aurrera egiten eta indartsuago izaten ahalbideratzen duten akordioak ere baditugula", adierazi du.
"Alemania Errusiaren menpe dago erabat"
Bilera hasi baino lehen giroa berotzen ibili zen Trump, eta orduan ere Alemania izan zuen jomugan. Gero, Angela Merkel kantzilerrarekin egindako buruz-buruzko bileran euren arteko "harremana oso ona" zela adierazi bazuen ere.
AEBko presidenteak nabarmendu zuenez, Berlin Moskuren "morroia" da Nord Stream II gas-hodiaren proiektua tarteko (Alemania eta Errusia lotuko dituen kanala). "Alemania Errusiaren menpe dago erabat, bere energiaren % 60-70 artean gas-hodi horren bidez jasoko duelako", azaldu du.
Trump, goi bileraren lehen egunean. Argazkia: EFE