Mundua -
Estatu Batuak
Banandutako familia migratzaileak berriro elkartzeko agindu du Trumpek
AEBko presidenteak asteazkenean sinatu zuen dekretu betearazlea ezartzeko lehen agindua da, seme-alabak gurasoengandik banantzeari uzteko.
Agentziak | Erredakzioa
Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak familia migratzaileak berriro elkartzeko prozesuari ekiteko agindu dio Gobernuari. Mexikoko mugara iristean banandutakoak, hain zuzen ere.
Etxe Zurian egin duten bileran, Trumpek "batera lan egiteko" eskatu die Justizia, Segurtasun Nazional, Ogasun eta Gizarte Gaietako departamentuei, "legez kanpoko familia migratzaileak elkarrekin mantentzeko migrazio-prozesuan, eta dagoeneko banandu direnak berriro elkartzeko".
Trumpek asteazkenean sinatu zuen dekretu betearazlea ezartzeko lehen agindua da, seme-alabak gurasoengandik banatzeari uzteko, neurri honek nazioartean, AEBn barne, eragin dituen kritikei erantzunez.
"Familiarteko batasuna mantentzea da Administrazio honen politika, beharrezkoa denean, legearekin bat datorrenean eta baliabide erabilgarriak daudenean, kanpotarren familiak elkar hartuta atxilotzea", irakur daiteke Trumpek izenpekoa idatzitako testuan.
Trumpen esanetan, gurasoengatik bananduta egon arren, haur migratzaileak "instalaziorik onenetan" daude. "Atzera begiratuz gero, 2014an, Obama Administrazioan zela, benetan txarrak ziren irudiak genituen", gaineratu du.
2.000 adin txikiko inguru banandu dituzte gurasoengandik, eta Segurtasun Nazionaleko Departamentuko instalazioetan sartu. Oraingoz ez dute ezagutzera eman nola elkartuko dituzten berriro.