Mundua -

Merkataritza gerra

Europar Batasunak 2.800 milioi euroko muga-zerga ezarri dio AEBko hainbat produkturi

AEBko Gobernuak Europatik inportatutako aluminioari eta altzairuari zergak ezartzea erabaki ostean iritsi da Europar Batasunaren erantzuna.

Estatu Batuek merkataritza gerra hasi dute Europar Batasunarekin eta Txinarekin. Argazkia: EFE
Estatu Batuek merkataritza gerra hasi dute Europar Batasunarekin eta Txinarekin. Argazkia: EFE
Estatu Batuek merkataritza gerra hasi dute Europar Batasunarekin eta Txinarekin. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Europar Batasunak 2.800 milioi euroko muga-zerga ezarri die Ameriketako Estatu Batuetatik ekarritako hainbat produkturi, Donald Trumpen Gobernuak Europatik inportatutako aluminioari eta altzairuari zergak ezarri eta merkataritza gerra hasi ostean.

"Ez genuen egoera honetara iritsi nahi, baina Estatu Batuek inolako arrazoirik gabe Europako altzairuari eta aluminioari zergak ezartzea erabakita ez dugu beste aukerarik izan", adierazi du Cecilia Malmström Europar Batasuneko Merkataritza komisarioak ohar baten bidez.

Zergapetutako produktu estatubatuarren zerrenda joan den maiatzaren 18an helarazi zioten Munduko Merkataritza Erakundeari. Produktu horien artean, besteak beste, artoa, laranja zukuak eta ahabiak daude.

Merkataritza Erakundearen araudiaren arabera, iragarpena egiten denetik 30 egun igaro behar dira neurriak ezartzeko. Horrenbestez, muga-zerga berria ostegun honetan argitaratuko dute eta ostegunetik ostiralerako gauerdian sartuko dira indarrean.

Europar Batasuneko komisarioek ekainaren 6an onartu zuten zergapetu beharreko produktu estatubatuarren zerrenda eta EBko gobernu guztien babesa dauka neurriak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Europar Batasuna Ameriketako Estatu Batuak Ekonomia Albisteak