Mundua -
ANALISIA
Goi-bilera “fantastikoa” Ipar Korea eta AEBren artean
Bi liderren arteko harreman ona ikusita, Korean desnuklearizazioa eta bakea gero eta gertuago daudela pentsa daiteke.
Imanol Butron Alonso (*)
2018ko ekainaren 12a betiko markatuta geratuko da Ameriketako Estatu Batuetako eta Ipar Koreako agintari gorenek eskua elkarri eman diotelako eta mahai berean elkarren ondoan eseri direlako lehen aldiz, oso bestelako ideologia izan arren. Ipar Korea erabat desnuklearizatu eta Koreako penintsulan bake iraunkorra ezartzeko egin dute.
Iragan asteburuan, G7a osatzen duten munduko zazpi herrialde garatuenen agintariak bileraz bilera ibili ziren Ipar Amerikako Merkataritza Libreko Ituna negoziatzen. Bilkura gatazkatsua izan zen, eta AEBko Gobernuaren buruak (Donald Trump) eta Kanadakoak (Justin Trudeau) adierazpen gogorrak egin zituzten bertan. Haren ostean, begi guztiak Singapurko Sentosa uhartean, Capella hotelean, Ipar Koreako presidenteak eta AEBkoak egin behar zuten goi-bileran gertatzen zenari begira zeuden gaur.
Hala ere, oraingoan ez da arazorik izan. 48 minutu eman dituzte lehenengo elkarrekin bilduta, biek bakarrik, aholkularirik gabe, eta ordu eta erdi baino gehiago gero, aholkulari eta guzti, eta, Trumpen esanetan, bilera “benetan fantastikoa” izan da.
Agintari bien arteko harreman ona ikusita, gero eta gertuago dago 1950ean hasi eta 1953an bukatu zen eta 65 urte geroago oraindik bake-hitzarmenik ez duen gerratearen bukaera. Amaiera horrek erabateko desnuklearizazioa ere ekarriko du, eta horretarako datarik jarri ez badute ere, “laster” hasiko da, Trumpen arabera.
Horrela, bi liderrek sari pertsonala lortu dute. Batetik, Kim Jong-unek Ipar Koreak urte hauetan guztietan jasan duen hermetismoa gainditu, eta, ondorioz, oso geldituta dagoen gizarte bat modernizatzea lortuko du, eta, nazioarteak jarritako zigorrak gainditutakoan, ekonomia hobetzea. Donald Trumpek, bere aldetik, harro esan ahalko du Ipar Koreako buruarekin bildu den lehen presidente estatubatuarra izan dela eta 38. paraleloan nabariagoa den nazioarte mailako krisi larriari eta gatazkari azkena ematen lortu duela.
(*) Imanol Butron Alonso, Zientzia Politikoetan graduatua Euskal Herriko Unibertsitatean, EiTB-EHU Multimedia Komunikazio Masterreko ikaslea da eta eitb.eus-en dabil praktikak egiten.