Mundua -
Immigrazioa
Italiako hainbat alkatek beren portuak eskaini dizkiote 'Aquarius' ontziari
Napoles, Palermo, Reggio di Calabria eta Tarento hirietako alkateek beren portuak ireki dizkiote 'Aquarius' salbamendu ontziari, Salvini Barne ministroak Italian lehorreratzeko baimena ukatu ostean.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Italiako Napoles, Palermo, Messina, Reggio di Calabria eta Tarento hirietako alkateek beren portuak eskaini dizkiote Mediterraneo itsasoan migratzaileak erreskatatzen dituen 'Aquarius' ontziari, Matteo Salvini Barne ministroak itsasontziari Italian lehorreratzeko baimena ukatu ostean, Il Fatto Quotidiano egunkariak jakinarazi duenez. Mediterraneoan erreskatatutako 629 pertsona baino gehiago ditu barruan, tartean 11 haur eta zazpi emakume haurdun.
Luigi di Magistris Napolesko alkateak Italiako Barne ministroaren erabakia deitoratu du, eta migratzaileak hartzeko prest agertu da.
"Bihotzik ez duen ministro batek emakume haurdunak, haurrak, adinekoak, gizon-emakumeak eta abar itsasoan hiltzen uzten baditu, Napolesko portua horiek hartzeko prest dago", adierazi du alkateak ohar bidez. "Bihotz handiko gizakiak gara. Napoles prest dago, dirurik gabe, giza bizitzak salbatzeko", gaineratu du.
Leoluca Orlando Palermoko alkateak, bere aldetik, argi eta garbi adierazi du migratzaileak eta errefuxiatuak hartzeko prest dagoela. Halaber, Salviniren jarrera kritikatu du 600 pertsonari baino gehiagori ateak ixteagatik. "Palermo beti egongo da Mediterraneoan erreskate lanetan ari diren ontziak hartzeko prest, izan zibilak edo militarrak", azaldu du.
Renato Accorinti Messinako alkatea ere ildo beretik mintzatu da, bere portua migratzaileak daramatzan ontziak hartzeko "irekita" dagoela esanez. Giuseppe Falcomata Reggio di Calabriako alkatearen hitzetan, bere hiria migratzaileak daramatzan ontziak hartzeko prest dago, "beti bezala".
Azkenik, Rinaldo Melucci Tarentoko alkateak azpimarratu duenez, herritarrak prest daude beren bizitza arriskuan duten pertsona oro besarkatzeko.