Mundua -
Venezuela
Limako Taldeak ez ditu Venezuelako hauteskundeetako emaitzak onartuko
'Protesta' moduan, Caracasen dituzten enbaxadoreak kontsultetara deitu dituzte Limako Taldea osatzen duten herrialdeek.
Agentziak | Erredakzioa
Igandean Venezuelan egindako hauteskunde presidentzialetako emaitzak ez dituztela onartuko jakinarazi dute Limako Taldea osatzen duten herrialdeek, "prozesu demokratiko, libre, bidezko eta garden batek eskatzen dituen nazioarteko baldintzak" ez dituelako bete. Horrez gain, enbaxadoreak kontsultetarako deituko dituztela gaineratu dute; hau da, Venezuelatik norbere herrialdera itzultzea eskatuko diete.
Argentina, Brasil, Kanada, Txile, Kolonbia, Costa Rica, Guatemala, Guyana, Honduras, Mexiko, Panama, Paraguai, Peru eta Santa Lucia herrialdeek oharra argitaratu dute Nicolas Maduro buruzagi venezuelarraren garaipena zalantzan jartzeko. Aldez aurretik ere salatu zuten Madurok Venezuelako krisian erakutsitako jarrera.
Halaber, Amerikako Estatuen Erakundeari ebazpen berri bat aurkezteaz gain, eskualde mailan neurri gehiago hartzeko aukera proposatu dute. Finantza erakundeek "Venezuelako Gobernuari maileguak ez ematea" eta laguntza humanitarioa emateko neurriak koordinatzea da helburua.