Mundua -
Maiatzak 20ko hauteskundeak
Madurok irabazi ditu Venezuelako hauteskundeak, sei milioi bototik gora lortuta
Presidente venezuelarrak elkarrizketarako deia luzatu die gainerako buruzagi politikoei. Falconek esan du ez duela prozesua ontzat ematen eta bozketa errepikatzea eskatu du.
agentziak
Nicolas Maduro presidente berrautatu dute, 6.190.612 bozekin, Tisbisay Lucena Venezuelako Hauteskunde Batzorde Nazionaleko presidenteak jakinarazi duenez.
Maduroren arerio nagusienak, Henri Falconek, 1.917.036 boto jaso ditu; Javier Bertuccik 925.042 eta, Reinaldo Quijadak, 34.614.
Hauteskundeetan 8.603.936 venezuelarrek parte hartu zutela esan bazuten ere, gaur zehaztutako datuen arabera, 9.132.655 herritarrek bozkatu zuten. 20,5 milioi venezuelarrek zuten bozkatzeko eskubidea.
Madurok, emaitzak ezagutu ostean, elkarrizketarako deia egin die gainerako hiru hautagaiei eta abstentzioaren aldekoei desadostasunak konpondu eta herrialdearen krisialdiari aurre egiteko.
"Henri Falconi, Javer Bertucciri (…) oposizioko buruzagi guztiei, biltzeko, bat egiteko eta Venezuelaz hitz egiteko dei egiten diet, eta deialdi honen erantzukizuna neure gain hartzen dut", esan du Madurok Miraflores jauregiaren kanpoaldean, horren hitzaldia entzuteko bildutako jendetzaren aurrean.
Gainera, presidenteak Henri Falconen jarrera kritikatu du, horrek prozesua ontzat ez eman eta hauteskunde berriak egitea eskatu ostean.
"Ez da sekula ikusi hautagai batek emaitzak ontzat ez ematea, emaitzak izan aurretik, badirudi ez dagoela ohorerik, ezin da ohore ez moralik asko bilatu oposizioan", gaineratu du.
Iragarpena baino lehen, Henri Falconek emaitzak ez dituela ontzat ematen esan du, Madurok hauteskundeen aurrean lortutako akordioak urratu omen dituelako, eta hauteskundeak aurten errepikatzea eskatu du.
"Prozesua ezbaian jartzen dugu (…) eta dudarik gabe ez dauka zilegitasunik, guk ez dugu inondik inora ontzat ematen", esan du prentsaurreko batean, emaitzak ezagutu aurretik.
"Ez dugu balekotzat jotzen prozesua", esan du, eta bozketa urrian errepikatzea eskatu du.