Mundua -
Etorkinak
200.000 venezuelarrek eman dute izena azken asteotan Kolonbian sartzeko
Bogotak abiatu duen neurri berria da Kolonbian zenbat etorkin sartzen diren jakiteko.
agentziak | erredakzioa
200.000 venezuelarrek eman dute izena azken asteotan Kolonbian sartzeko. Kolonbian zenbat etorkin sartzen diren jakiteko abiatu du neurri berri hori Bogotak, Gobernuak berak jakinarazi duenez.
Venezuelako krisi ekonomiko eta politikoarekin erabat lotuta dagoen immigrazio krisi larria jasaten ari da Hego Amerika, eta herritar askok Venezuela utzi dute aukera berrien bila joateko. Euren herrialdea utzi duten horietako askok Kolonbiako muga (2.200 kilometro ingurukoa) zeharkatu dute, inolako kontrolik edo muga-posturik igaro gabe.
Hori dela eta, Kolonbiara heltzen diren eta turista edo lanerako bisa ez duten venezuelarrei erregistro batean izena emateko eskatu diete Kolonbiako agintariek. Gobernuaren arabera, Kolonbiara heltzen diren etorkinei eskola, mediku edo bestelako zerbitzuen berri emateko neurria da.
Gaur egun, 320.000 venezuelarrek dute bisa, eta 500.000 inolako baimenik gabe daude Kolonbian, Bogotako Gobernuaren aburuz. Kolonbiara heldu diren etorkinen artean, 230.000 beste herrialde batera joateko asmoz iritsi dira bertara.
Hainbat adituren esanetan, gutxienez 4 milioi pertsona atera dira Venezuelatik, Hugo Chavez presidente bihurtu eta Nicolas Madurok haren lekua hartu zuenetik. Maduroren ustez, aldiz, gehiegizko kopurua da hori.