Mundua -
2020-2027
Europako Batzordeak 1,28 bilioi euroko aurrekontua proposatu du Brexitaren osterako
Europako Batzordearen proposamena 27 Estaturentzako negoziazio abiapuntua izango da. Halaber, 2019ko maiatzeko Europako hauteskundeen aurretik lortu nahiko luke akordioa Bruselak.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Europako Batzordeak (EB) Brexitaren osterako lehen aurrekontu proposamena egin du 2020-2027 garairako, 1,28 bilioi eurokoa hain zuzen ere. Aurrekontuak gora egingo badu ere, nekazaritzari eta kohesioari lotutako diru partidak murriztuko ditu Europako Batzordeak.
Batzordeak egindako kalkuluen arabera, Erresuma Batuak utzitako zuloa 12.000 eta 15.000 milioi euro artekoa izango da eta behar berrien ondorioz urtean 10.000 milioi euro gehiago beharko dira urtean.
Kontuak parekatze aldera, nekazaritzari eta kohesioari lotutako diru funtsak, hurrenez hurren, % 5 eta % 7 jaistea proposatu du Bruselak. Hala ere, bi horiek aurrekontu osoaren % 65 hartuko dute. 2021-2027 markoak 273.000 milioi euro aurreikusten ditu kohesiorako, 101.000 milioi Europako Fondo Sozialerako eta 365.000 milioi euro, ostera, nekazaritzarako.
Horien atzetik diru gehien izango duen saila merkatu bakarra, berrikuntza eta teknologia digitalari dagokiona izango da 187.400 milioi eurorekin (aurrekontuaren % 14,6).
Halaber, Europako Batzordeak immigrazio, segurtasun, defentsa eta kanpo ekintzarako diru funtsak handitzea proposatu du % 8tik % 14,5era. Zehatz-mehatz esanda, 123.000 milioi bideratuko ditu kanpo ekintzarako, 34.900 milioi mugen kudeaketa eta immigraziorako eta 27.500 milioi euro segurtasun eta defentsa alorrerako.
Bestalde, Bruselak zigorrak aurreikusten ditu arau demokratikoak betetzen ez dituzte Estatuei laguntzak eteteko.
Bruselaren proposamena 27 Estaturentzako negoziazio abiapuntua izango da. 2019ko maiatzeko Europako hauteskundeen aurretik lortu nahiko luke akordioa, ondoren Europako Parlamentuak berretsi dezan.