Mundua -
GERRA SIRIAN
AEBk, Frantziak, eta Britainia Handiak Siria bonbardatu dute
Al-Assadek "arma kimikoen erabilera bertan behera utzi arte" erantzun gogorra emango diotela esan du Donald Trump Estatu Batuetako presidenteak.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Donald Trump AEBko presidenteak Siriaren kontrako erasoa agindu du gaur, Frantziarekin eta Erresuma Batuarekin batera. Trumpek adierazi duenez, erasoen helburua Baxar al-Assaden arma kimikoen kontra egitea izan da, Siriako Gobernuak Duman egindako ustezko eraso kimikoari erantzunez. Antza denez, erasoak Siriar erregimenak Damaskon duen arma kimikoen ikerketa zentro baten eta Homs probintzian dituen bi ekoizpen zentroren kontra izan dira. Zentro horiek denak hutsik omen zeuden bonbardaketak izan direnean, baina Siriako Armadak esan du hiru zibil zauritu direla Homsen, "misil batzuk traiektoria aldatu eta horietako bat lehertu denean".
Florence Parly Frantziako Defentsa ministroak esan duenez, erasoak Siriar erregimenaren ikerketa zentro baten eta bi ekoizpen zentroren kontra izan dira.
"Agindua eman berri diet AEBetako Indar Armatuei eraso zehatzak egiteko Bachar al Asad diktadore siriarraren arma kimikoekin zerikusia duten helburuen kontra" esan du Trumpek Etxe Zurian egin duen agerraldi batean.
Azaldu duenez, Frantziako eta Erresuma Batuko indar armatuekin batera egin dute erasoa: "operazioa bateratuta martxan da une honetan".
Aurreko larunbatean Duman izandako eraso kimikoari "erantzuna"
Aurreko larunbatean Duman izandako eraso kimikoari "erantzuna" da gaurko eraso. Nazioarteak, Errusiak izan ezik, al-Assadi leporatzen dio eraso haren ardura: "Sarraski hori aurrerapauso larria izan da erregimen beldurgarri horretan" esan du AEBko presidenteak.
Hala, Trumpek adierazi du AEBn, Frantziaren eta Erresuma Batuaren erasoaren helburua "al-Assadek arma kimikoen ekoizpena, zabalpena eta erabilera bertan behera uztea" dela.
Gainera, hiru herrialde horiek erasoei eusteko prest daudela zehaztu du, "Siriako erregimenak debekatutako arma kimiko horiek erabiltzeari utzi arte".
Era berean, dei egin die Errusia eta Irani, al-Assaden aliatu nagusiei, buruzagi siriarra babes ez dezaten. "2013an, Putin presidenteak eta bere Gobernuak Sirian arma kimikoekin amaitzea agindu zioten munduari. Assaden erasoa eta gaurko erantzuna Errusiaren porrotaren emaitza da", gaineratu du Trumpek.
"Errusiak bide ilun horretan jarraituko duen edo nazio zibilizatuekin bat egingo duen erabaki behar du, bake eta egonkortasun indar gisa" amaitu du.
Trumpek agindutako bigarren erasoa Siriaren kontra
Donald Trump Etxe Zurira iritsi zenetik al-Assaden posizioen kontra agintzen duen bigarren erasoa da gaurkoa.
Iazko apirilaren 7an, beste ustezko eraso kimiko baten aurrean, Estatu Batuek al-Assaden aire-base bati eraso zioten eta, esan zutenez, Damaskoko aire-flotaren %20 suntsitu zuten. Bonbardaketak bakarrik egin zituen orduko hartan, beste herrialdeen babesik gabe.
Mikel Ayestaran kazetariak gaur erasotutako lekuak zehaztu ditu mapa honetan:
Frantzia
Gaur gauean "Siriako arma kimikoen ekoizpen programako ikerketa zentro nagusiaren eta bi produkzio zentroren kontra egindako operazioa zilegia, proportzionatua eta fokalizatua da" Frantziako Gobernuaren arabera.
Jean-Yves Le Drian Kanpo gaietarako ministroak eta Florence Parly Defentsa ministroak elkarrekin egin duten agerraldian esan dute "arma kimikoak garatzeko, prestatzeko eta ekoizteko gaitasunari" egin diotela eraso, "helburu soil batekin: Siriako erregimenak berriz ere arma kimikorik ez erabiltzea".
Le Drianek esan du Frantziak "krisitik irteteko bidea" aurkitzeko lan egingo duela hemendik aurrera, "irtenbide politiko bat lortze aldera".
Emmanuel Macron Frantziako presidenteak baieztatu egin du herrialdeko Indar Armatuei agindua eman diela Sirian esku hartzeko Erresuma Batuarekin eta AEBrekin batera, "ezin baitugu onartu arma kimikoen erabilera gutxiestea".
Ohar batean, Macronek adierazi du "Siriar erregimenak arma kimikoak erabiltzeko duen gaitasunaren kontrako operazioa" izan dela, Frantziako Parlamentuari operazioaren berri emango diotela eta eztabaida parlamentarioa irekiko dela, Konstituzioak agintzen duen bezala.
Erresuma Batua
Theresa May lehen ministro britainiarrak esan du ez dagoela "indarraren erabilera ez den beste aukerarik" Sirian. Hala baieztatu du Baxar Al-Assaden erregimenaren kontra egin duten operazioa.
Buruzagi kontserbadoreak azaldu duenez, "bide diplomatiko posible guztiak agortu dira" AEBrekin eta Frantziarekin batera erasoa egiteko erabakia hartu aurretik.
Aurreko larunbatean Duman izandako eraso kimikoari errefererentzia eginez, ondokoa gaineratu du ohar batean: "Jarrera horiek amaitu egin behar dira, ez bakarrik Siriako herritar errugabeak babesteko, baita nazioarteko araudia betearazteko ere: arma kimikoak ezin dira erabili".