Mundua -
SIRIA
Putin: 'Dumako eraso kimikoa Siriari egoztea onartezina da'
Arma Kimikoen Debekurako Erakundea (OPAQ) erasoa ikertzen ari da. Larunbateko erasoan, gutxienez 42 zibili hil ziren.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Vladimir Putin Errusiako presidenteak gaur adierazi duenez, "onartezina da" Siriako Duma hirian larunbatean izandako eraso kimikoa Siriako Gobernuari leporatzea. Hala esan dio Angela Merkel Alemaniako kantzillerrari berarekin telefonoz izan duen elkarrizketan.
Kremlinak ohar bidez jakinarazi duenez, horri lotutako "probokazio eta espekulazioak onartezinak dira".
Arma Kimikoen Debekurako Erakundea (OPAQ) erasoa ikertzen ari da. Larunbateko erasoan, gutxienez 42 zibili hil eta 500 inguru zauritu ziren.
“Bachar al Asad animalia babestea” leporatu zien Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak Kremlineko buruzagiari eta Irani. Bitartean, Siriaren aurkako ekintza militarrak ez zituen baztertu Pentagonoak.
Bestalde, aditu errusiarrek Duman substantzia kimikoen hondarrik aurkitu ez dutela ziurtatu du gaur Serguei Lavrov Errusiako Atzerri ministroak.
“Gure aditu militarrak eta Ilargi Gorriko ordezkariak izan dira bertan (…) zibilen aurka kloroa edo beste substantzia kimikoren bat erabili izanaren zantzurik ez dute topatu”, esan du Lavrovek prentsaurrekoan.
Gainera, Bizikidetzarako Errusiako Zentroak argitaratutako agiri baten arabera, pozoitze kimikoarekin gaixorik hartu ez zutela adierazi zuten Dumako ospitaleko medikuek.
Siriako Defentsa Zibilak eta Elkarte Mediko Siriar Amerikarra gobernuz kanpoko erakundeak azaldu zutenez, aldiz, diktadorearen indarrek eraso kimikoa aurrera eraman zuten larunbatean, Duman.