Mundua -

AMERIKETAKO ESTATU BATUAK

Trumpekin izandako harremana ez azaleratzeko mehatxuak salatu ditu Stormy Danielsek

Donald Trumpekin lotzen duten aktoreak elkarrizketa bat eskaini dio CBS telebista kateari, eta 2011n mehatxu fisikoak jasan zituela adierazi du.

Stormy Daniels aktore pornoa. Argazkia: EFE
Stormy Daniels aktore pornoa. Argazkia: EFE
Stormy Daniels aktore pornoa. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Stephanie Clifford aktore pornoak, Stormy Daniels izenarekin ezaguna denak, CBS telebista kate estatubatuarrari elkarrizketa eskaini dio Donald Trump egungo AEBko presidentearekin 2011n izan zuen harremanaren harira, eta horri buruzko xehetasunak ez azaleratzeko mehatxu fisikoak jaso zituela salatu du.

Emakumearen testigantzaren arabera, golf txapelketa baten harira, Trumpek afaltzera gonbidatu zuen 2006ko uztailean eta magnate estatubatuarraren logelan amaitu zuen. Garai hartan Trump Melania bere egungo emaztearekin ezkonduta zegoen eta seme txikiena jaiota zegoen.

"60 Minutes" telebista saioan esan duenez, komunetik bueltan Trump ohearen izkinan eserita aurkitu zuen, sexu harremanak izan nahi zituela iradokiz. Harremana bi aldeek onartutakoa izan zela nabarmendu du eta bere aldetik "negozio akordio" gisa ulertu zuela gaineratu du. Haren esanetan, hasiera batean behintzat, "ez zen sekretua".

Urte bat geroago, Trumpek Los Angeleseko hotel batean berarekin elkartzea eskatu zion. Emakumearen hitzetan, sexu harremanak berriro izateko nahia agertu zion, baina berak uko egin zion eskaintzari.

2011ko maiatzean bere harremana aldizkari bati kontatzeko prest agertu zen, 15.000 dolarren truke. Azkenean, ordea, aldizkariak ez publikatzea erabaki zuen Michel Cohen Donald Trumpen abokatuak demanda bat jartzearekin mehatxu egin ziolako.

Aste batzuk geroago, bere alabarekin gimnasiako eskola batera zihoala, gizon bat gerturatu zitzaion eta mehatxu egin zion. Azaldu duenez, ez daki gizon hori nor den eta beldurragatik ez zuen salaketa aurkeztu. Are gehiago, hilabete batzuk geroago ukatu egin zuen Trumpekin harremanik eduki izana.

Bost urte geroago Trumpek politika mundura jauzi egin zuenean, berari lotutako sexu eskandaluak azaleratzen hasi ziren eta Stephanie Cliffordi "diru kantitate handia" eskaini zioten bere istorioa kontatzearen truke. Hala ere, bere abokatuak deitu zion Trumpen inguruarekin 130.000 dolarreko konfidentzialtasun ituna lotu zuela esanez. Michael Cohen abokatuak ordainketa egin izana aitortu du, baina Trumpek ez zekiela ezer onartu du. 2016ko urrian sinatu zuen akordioa, presidentea aukeratzeko hauteskundeak baino aste batzuk lehenago, eta bere segurtasunaren beldur zelako egin zuen.

Aktoreak salaketa aurkeztu zuen martxoaren 6an Trumpen aurka. Emakumearen hitzetan, harreman hori behin baino gehiagotan ukatu baldin badu mehatxatuta sentitu izan delako izan da. Ildo horretan bere bertsioa zalantzan jartzen dutenen aurka egin du: "Ez daukat gezurrik esateko arrazoirik".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ameriketako Estatu Batuak argazkiak Eguneko albisteak Eguneko albisteak Trump gaur AEBko lehen dama ohia